Ekonomia -
Lan gatazka
Gasteizko Mercedesen biharko eta etzirako deitutako lanuzteei eutsi diete ELAk, LABek eta ESK-k
Gaurko deituta zegoen grebaren ondorioz (% 95eko jarraipena) ekoizpena eten behar izan dute. Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuen atzo zuzendaritzarekin gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM), baina sindikatu abertzaleek ez zuten babestu.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Gasteizko Mercedes Benz lantegian, biharko, osteguna, eta etzirako, ostirala, deituta zeuden grebei eustea erabaki dute ELAk, LABek eta ESK-k, gainerako sindikatuek (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM, gehiengo sindikala osatzen dutenak, 17 ordezkarirekin) enpresarekin lan hitzarmena berritzeko aurreakordioa lortu eta biharamunean. Erabakia langileekin egindako asanblea batean hartu dute hiru sindikatuok.
Hiru sindikatuontzat —14 delegatu— atzo lortutakoa (besteak beste, seigarren gaua bertan behera geratzea eta 2021-2026 aldian soldatak igotzea) ez da nahikoa, eta, hala, grebari eustea erabaki zuten. Tailerretan % 95ekoa da jarraipena (aurreko lanuzteen antzera), euren hitzetan.
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, ELA eta CCOO sindikatuetako bozeramaileek oso bestelako irakurketa egin dute atzo sinatutako aurreakordioaz. Igor Guevararen (ELA) ustez, gaurko grebagatik ekoizpena eten egin behar izan dute berriro, eta, hori ikusita, langileek aurreakordioa baztertuko dutela iragarri du. Azaldu duenez, zuzendaritzak "ezezko borobila" eman zion soldatak KPIaren arabera igotzeari. "Itunaren sinatzaileek azaldu ez dutena argituko dugu gaur asanbladan", gaineratu du.
Roberto Pastorrek (CCOO) zehaztu duenez, ELA, LAB eta ESK sindikatuei eskatu zieten, langileek ituna bozkatu arte, aste honetarako deituta zituzten grebak bertan behera uztea. Ez zuten onartu, agidanez.
Horren iritzian, grebak gaur izan duen jarraipen zabala "jendeak lankideekin eta piketeekin arazoak izan nahi ez dituelako da; beste batzuek egin nahi dute, eta eskubide osoa dute, noski".
Jaurlaritza: "Zoriontzeko moduko albistea da"
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak "oso positibotzat" jo du atzo erdietsitako aurreakordioa.
Berkoa Machine Tools kooperatibak Elgoibarren duen lantegian kazetariei egindako adierazpenetan, zuzendaritzak eta sindikatuen gehiengoak lortutako ituna dela nabarmendu du Tapiak. "Batzuek eta besteek malgutasuna erakutsi dute akordio hau lortzeko, eta horrek ahalbideratzen duena da enpresak etorkizuna izatea", erantsi du.
Tapiaren ustez, akordioak mesede egiten dio "etorkizuneko proiektu horretan" lan egiten duten beharginei, Mercedesekoei, baina baita konpainia horrentzat aritzen diren 400 enpresa baino gehiagori ere.
Bilera luzearen ondotik, akordioa
Ia bederatzi orduz batzartuta egon ostean, aurreakordioa iragarri zuten CCOO, UGT, PIM eta Ekintza sindikatuek. Langileen ordezkarien iturriek baieztatu dutenez, 2021eko 4.000 euro gordineko ordainsari bat jasotzen du, baita igoera batzuk ere: % 6ko soldata igoera aurten, eta % 2,25 igoerak 2023tik 2026ra bitartean.
Bestalde, aurreakordioak, errelebo-kontratuen bidez, 250 behargin baino gehiago erretiratzea aurreikusten du, hori bai, baldintzak betetzen dituzten langileentzat. Era berean, aldi baterako 400 kontratu mugagabe bihurtzea planteatzen du, horietako 150, hitzarmena sinatzean.
Gainera, helburuen araberako ordainsariak adostu dituzte; urtean 200.000 ibilgailu baino gehiago ekoitziz gero, 500 euro; eta 2.250 euroko beste ordainsari bat, emaitzen eta adierazle batzuen arabera.
Esan bezala, ELA, LAB eta ESK sindikatuek ez dute ituna babestu.
Langileek astelehenean bozkatuko dute aurreakordioa.