Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Tapia: "Mercedesen, beste lantegi batzuetan bezala, garaiei egokitu beharko zatzaizkie, malgutasunez"
Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Alemaniatik esan duenez, atzoko bilera "emankorra" izan zen. Bihar Siemens Energyrekin duen batzarraz galdetuta, zehaztu du asmoa dela Euskadin hasitako elkarrizketari "jarraipen bat" ematea.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, lehendakariak ez zuen Gasteizko Mercedesen hitzarmenarekin dagoen gatazka aztertu atzo multinazional alemaniarraren arduradunekin egindako bileran, baina, hori gorabehera, aitortu du Mercedesen, "beste lantegi batzuetan bezala, beste modu batzuk" egon beharko direla lan egiteko, "malgutasunez, garaiei egokituta, pandemian gertatu den bezala".
Alemanian da egunotan sailburua, eta bertatik erantzun die Euskadi Irratiko "Faktoria" saiotik egin dizkioten galderei.
Bihar Siemens Energy konpainiako arduradunekin batzarra du Tapiak, multinazionalak Siemens Gamesa erosteko eskaintza egin duen honetan. Horren harira, azaldu du asmoa dela Euskadin hasitako elkarrizketari "jarraipen bat ematea". Horren ustez, "erlazio zuzen bat behar dugu (...) gure ekosistema ondo ezagut dezaten eta ondo zehaztuta gera dadin".
Bestalde, Europako Parlamentuak gasa eta energia nuklearra energia jasangarritzat jotzearen erabakia babestu du Tapiak. Arrazoitu duenez, "Ukrainaren inbasioaren ondotik eta Errusiari jarri zaizkion isunak tarteko, gasa ez dago ziurtatuta" eta horrek "ondorio handiak" izango ditu ez bakarrik etxeetan baizik eta enpresa handietan ere, eta "ekonomian beste kolpe bat" emango du. Hala, "2030erako helburuak ondo finkatuta ditugula, malgutasun pixka batekin jokatu behar da, errealismotik abiatuta". Izan ere, sailburuaren esanetan, "kontziente izan behar gara orain ezinbestekoa dugula gasa eta energia berriztagarriak ez direla egun batetik bestera sortzen".
Azkenik, aitortu du "arduratuta" daudela inflazioak udazkenean ekonomia eragin ditzakeen ondorioak direla eta. "Gaur ez dugu ikusten, inbertsioek aurrera jarraitzen dute, langabezia tasa behera doa, eta oro har, sentsazio positiboak ditugu", erantsi du, baina uda ostean ziurgabetasuna handiagoa izango dela ohartarazi du.