Ekonomia -
Greba Mercedes-en
Greba eguna Mercedesen "jarraipen zabalarekin" zuzendaritza eta sindikatuak berriro bilduko diren egunean
Sindikatuen arabera, deialdia "jarraipen zabala" izaten ari da, aurreko egunetan bezalaxe. Greba deialdi hau, atzokoa bezala, ez du gehiengo sindikalak babestu.
I.G. | eitb media
Greba eguna gaurkoan ere, Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegian, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Sindikatu deitzaileek goizeko lehen orduan adierazi dutenez, deialdia "jarraipen zabala" izaten ari da, aurreko egunetan bezalaxe.
Gaur, hain zuzen ere, sindikatuak eta zuzendaritza biltzekoak dira berriz, jarrerak malgutu eta akordioa bilatzeko helburuarekin. Aurreko bilera asteartean izan zen, eta, bukatutakoan, bi aldeek adierazi zutenez, jarrerak hurbildu zituzten, halere, sindikatuek zehaztu zuten ez zela ia aurrerapausorik izan.
Sindikatuak eta zuzendaritza asteartean bildu ostean, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek, alegia, lantegian ordezkaritzaren gehiengoa dutenek, atzo eta gaurko greba bertan behera uztea erabaki zuten, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek deialdiari eutsi zioten.
Gainera, atzo, Iñigo Urkullu lehendakaria Mercedez-Benzeko presidentearekin bildu zen Stuttgarten eta, bileraren ostean, Alemaniako enpresak eta automobilgintzaren eta industriaren sektoreak bilatzen dituzten malgutasuna eta bizkortasuna "barneratzeko" deia egin zuen.