Ekonomia -
Akordioa ostatuetan
Gipuzkoako ostatuetako greba bertan behera utzi dute, hitzarmenaren inguruan akordioa lortuta
Sindikatuek eta patronalak soldatak KPIaren arabera igotzea adostu dute, eta lanaldiak eta ratioak murriztea. Hala, bertan behera gelditu dira ELA, CC.OO, LAB eta UGT sindikatuek ostegun, ostiral eta larunbat honetarako deitutako grebak.
Agentziak | EITB Media
ELA, CCOO, LAB eta UGTk ostegun, ostiral eta larunbaterako Gipuzkoako ostatuetan deitutako greba bertan behera geratu da, sindikatuek eta patronalak hitzarmenaren inguruan akordioa lortu ostean.
Ohar batean, ELA sindikatuak, sektorean gehiengoa duen sindikatuak (% 67tik gorako ordezkaritza), adierazi du akordioak "KPIaren araberako soldata-igoerak, eta lanaldien eta ratioen murrizketa" jasotzen dituela.
Adierazi duenez, astearte honetako negoziazio-batzordearen bileran, patronalak "onartu egin ditu 2021eko abenduaren 31ko soldatak %0,8ko igoerarekin eguneratzea, eta 2022 (% 6,5), 2023 eta 2024an KPIaren arabera igotzea soldatak"
Era berean, "pisuetako zerbitzarientzako ratioak arautzeko betebeharra" ere onartu du, lantoki bakoitzari egokitutako azterlanen bidez; eta gaueko ordutegian lan egindako orduak % 25ean osatuko dira. Halaber, 2023an zazpi lanordu murriztuko dira urteko lanaldian pisuetako zerbitzarientzat, eta beste zazpi 2024an.
Gainera, hitzarmenaren 25. artikuluari eutsiko zaio; artikulu horrek soldata osatzen du salbuetsitako aldi baterako lan-erregulazioen kasuetan, covid-aren kasuan bezala", ELAk azaldu duenez. .
ELAren ustez, "patronalaren jarreraren aldaketa egindako lanaren eta langile bakoitzak erakutsitako indarraren emaitza da", eta zoriondu egin ditu langileak.