Ekonomia -

Mercedes

Mercedesko batzordearen gehiengoak bertan behera utzi du greba; ELA, LAB eta ESK sindikatuek eutsi egin diote

Gasteizko lantegiko zuzendaritzarekin bildu ostean, agerian geratu dira sindikatuen arteko aldeak. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek greba bertan behera utzi dute, baina, ELA, LAB eta ESK sindikatuentzat, aurrerapausoak txikiegiak dira. Ostegunean bilduko dira berriro enpresa eta batzordea.

Mercedesko langileen manifestazioa. Artxiboko irudia: EFE
Mercedesko langileen manifestazioa.
Gasteizko Mercedesen lantegiko zuzendaritzak eta langileek jarrerak hurbildu dituzte gaurko bileran

01:25

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedesen lantegiko zuzendaritzak eta langileek jarrerak hurbildu dituzte asteartean egindako bileran, bi aldeek onartu dutenez, baina, sindikatuen arabera, aurrerapauso gutxi izan dira. Bileraren ostean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek aurreikusita zituzten greba deialdiak mantendu egin dituzte, eta batzordean gehiengoa duten UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek bertan behera utzi dute asteazkenerako deitutako lanuztea.

9:00etan hasi eta eguerdian bukatutako bileran, zuzendaritzak zenbait proposamen egin dizkie langileei, baina eskaintzan ez du igandeko gaueko txanda baztertu, eta hori "marra gorria" da sindikatuentzat.

Enpresak 2022an soldatak % 5 igotzea eta 750 euroko hamabosgarren ordainketa eskaini dizkio lan batzordeari, baina asteko seigarren gaua mantenduta.

Langile batzordeak enpresaren proposamena aztertu du, eta sindikatuen arteko desberdintasunak agerian geratu dira. Gehiengoak aurrerapausoak ikusi ditu, eta bertan behera utzi dute asteazkenerako deituta zuten greba deialdia. Batzordearen bileraren ostean egindako adierazpenetan, "negoziatzen jarraitzearen" alde egingo dutela esan dute.

ELA, LAB eta ESK sindikatuen arabera, ordea, aurrerapausoak oso txikiak dira, eta asteazkenerako, ostegunerako eta ostiralerako deituta zituzten lanuzteak mantenduko dituzte.

LABeko Mikel Diaz de Alda ordezkariak bileraren ostean azaldu duenez, bere taldeak argi zuen "aurrerapausorik egon ezean", greba deialdiak mantendu behar zituztela.

Bere ustez, enpresak malgutasun handiarekin jarraitu nahi du, eta hori "ezin da sinatu". Sindikatuak jarritako "sei marra gorrietan ez dute ezer hobetzen", esan du.

Enpresari onartu dion aurrerapauso "txiki" bakarra malgutasunaren kudeaketari dagokiona da. Horren arabera, enpresak 10 eguneko aurrerapenaz abisatu beharko dio langileari. Bestalde, azpimarratu du soldata-igoera KPIa baino txikiagoa dela.

Beste bilera bat ostegunean

Langile batzordea eta zuzendaritza berriro bilduko dira ostegunean, gaurko bileran onartu dutenez. Malgutasun eskariarekin kritikoen diren sindikatuek, ordea, ez dute oraindik erabaki bilera horretara joango diren.

Lehendakariaren bisita Alemaniara

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiren "erakargarritasunak" helaraziko dizkie bihar Mercedes-Benzeko zuzendariei Stuttgarten (Alemania) multinazionalak Gasteizko lantegia aukeratu dezan lantegiren batean egin nahi duen 1.200 milioi eurotik gorako inbertsiorako, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez.

Bozeramaileak lan gatazka eta bisita bereizi ditu. Hori martxoaren 1etik itxita dagoela ziurtatu du, beraz, "ez du zerikusirik lan gatazkarekin" Esan duenez, Exekutiboak Mercedes-Benzekin harreman "iraunkorra" du, bere jardueraren "jarraipena ziurtatzeko" eta Euskadi "inbertsio berriak egiteko aukeren lurralde gisa" eskaintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Lana Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Albisteak Mercedes-Benz Gasteiz Lan gatazkak azken ordukoa Automobilgintza