Ekonomia -
enplegua
1.710 langabe gutxiago zenbatu dira ekainean Euskadin eta 713 Nafarroan
Gauzak horrela, 111.642 pertsona daude lan bila EAEn, eta 31.349 Nafarroan. Gipuzkoa da langabe kopuruak beherakada handiena izan duen lurraldea, 834 pertsona gutxiagorekin. Ondoren, Bizkaia, 804 langabe gutxiagorekin, eta, azkenik Araba, 72rekin.
Iker Gonzalez | eitb media
1.710 langabe gutxiago zenbatu dira Euskadin (% 1,51 gutxiago) eta 713 Nafarroan (-% 1,51) aurreko hilabetean, maiatzeko datuekin alderatuta.
Hala, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak emandako datuen arabera, EAEn lan bila dauden pertsona kopurua 111.642koa da, eta 31.349 herritar daude egoera horretan Nafarroan.
Lurralde Historikoei dagokienez, Gipuzkoa da langabe kopuruak beherakada handiena izan duen lurraldea, 834 pertsona gutxiagorekin. Ondoren, Bizkaian, 804 langabe gutxiago zenbatu dira eta, 72, Araban.
Iazko epe berarekin alderatuta, Euskadiko langabe kopuruak % 8,76 egin du behera (% 1,51 aurreko hilabetearekin erkatuta). Foru Erkidegoan, aldiz, beherakada handiagoa izan da proportzioan, % 13,56koa izan da eta.
Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak, ekaineko datuak ezagutu ostean, adierazi duenez, "azken hilabeteetan egonkortutako murrizketa homogeneoak bere horretan jarraitu du, baina egia da intentsitatea ezberdina izan duela".
Hala, Jaurlaritzatik bi irakurketa egin dituzte, batetik, Gurperguiren esanetan, "enpresek kontratuak egiten jarraitzen dute, besteak beste, enpresek etorkizunerako inbertsio garrantzitsuak iragarri dituztelako, baita haien jarduera bermatuko duten eskari garrantzitsuak ere" eta, bigarrenik, pandemiak eragindako krisialdian iragarritako aurreikuspen ekonomikoak "ez dira bete. Konfiantza nagusi izan da, eta aurreikuspenak gailendu ditu".
Bestalde, Gurpeguik erantsi duenez, "enplegu berriak sortu diren heinean, DSBE jasotzen duten pertsona kopuruak behera egin du. Lanbidek eskubide horren kudeaketa bere gain hartu zuenetik lehen aldiz, errenta hori jasotzen duten pertsona kopurua 50.000tik behera kokatu da, alegia, 49.472".
Nafarroako Gobernuak, bestalde, ohar baten bidez nabarmendu duenaren arabera, lurraldeak "inoizko enplegu mailarik altuena" gainditu du ekainean, eta "inoizko kontratu mugagabe kopururik handiena" erregistratu du.
Foru Gobernuaren hitzetan, "ekaineko datuen balorazioa positiboa da, are gehiago kontuan hartuta gaur egun nagusi den ziurgabetasuna, Ukrainako gerrak eta prezioen igoerak eraginda".
Langabe kopurua 2,9 milioitik behera, 2008tik lehen aldiz
Estatuan, oro har, 42.409 pertsona gutxiago zenbatu dira lan bila ekainean. Horrela, autonomia erkidego guztietako langabe kopuru orokorra 2,9 milioitik behera kokatu da, 2008ko urritik lehen aldiz.
Gainera, laugarren hilabetea da jarraian behera egiten duela.