Ekonomia -

Berreskuratzeko mekanismoa

Euskadik 1.089 milioi euro lortu ditu orain arte Europako funtsetatik

Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du 2022ko bigarren seihilekoa funtsezkoa izango dela Europako funtsak ezartzeko.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Eusko Legebiltzarrean gaur, ostirala. Argazkia: EITB.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Eusko Legebiltzarrean gaur, ostirala.
Europako funtsetako dirua ez da nahi bezain bizkor iristen ari EAEra

12:50

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak, oraingoz, 1.089 milioi euro bereganatu ditu 2021-2023 aldian Europako Berreskuratze eta Erresilientziarako Mekanismotik. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 856 milioi euro kudeatuko ditu; Espainiako Gobernuak, 143 milioi eta toki-erakundeek, 90 milioi.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak agerraldia egin du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean, Europako funtsak zein neurritan iritsi diren Euskadira jakinarazteko.

Azpiazuk esan du 2022ko bigarren seihilekoa funtsezkoa izango dela Europako funtsak ezartzeko. Ildo horretan, "horiek ezartzeko tekla egokia aurkitu behar dugu", adierazi du. Horri gehitu dio 2023ko amaierarako dirulaguntzen tarteari dagozkion lehen 70.000 milioiak esleituta egon behar direla.

Beraz, Azpiazuk esan du asko dagoela egiteko eta, "agerikoa denez, berandu gabiltza". Ildo horretan, kezkatuta agertu da gauzatze-mailarekin; izan ere, azaldu duenez, Espainiako Gobernuak 2021eko eta 2022ko ekitaldietarako Berreskuratze eta Erresilientziarako Mekanismoaren funtsen aurrekontuan sartu dituen 52.000 milioi euroetatik % 44koaren (23.000 milioi) obligazioak onartu dira, "baina horrek ez du esan nahi zenbateko hori dagoeneko gauzatuta dagoenik".

Azpiazuk Europako Batzordeak argitaratutako kontabilitate nazionaleko datu ofizialak aipatuz azaldu duenez, Espainiak Europako funtsetatik 2.400 milioi baino ez zituen egikaritu iaz. "Izan ere, gertatu dena da transferentziak egin zaizkiela sektore publikoko beste erakunde batzuei, hala nola ADIFi, IDAEri, portuei, Sareari edo autonomia-erkidegoei, eta, beraz, erakunde horiek lizitatu eta ebatzi egin behar dutela", azaldu du.

Azpiazuk ondorioztatu du datu horiek "oso kezkagarriak" direla, eta Eusko Jaurlaritza eskari berriak egiten ari dela abian jarritako prozesuak bizkortzeko, "funtsak garaiz eta forma egokian irits daitezen Euskadiko gizarte- eta produkzio-ehunera, hori baita benetan garrantzitsuena".

Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko kudeaketa

Sailburuak zehaztu duenez, 2021-23 aldirako autonomia-erkidegoei sektore-konferentzia bidez edo zuzeneko emakida bidez banatutako 17.853 milioi euroetatik, Euskadiri 856 milioi euro esleitu zaizkio guztira (748 milioi, konferentzia sektorialen bidez eta beste 108, zuzeneko emakidaren bidez); guztizkoaren % 4,79. Funts horien erabilerari dagokionez, "Eusko Jaurlaritzaren erabakitzeko ahalmena oso txikia da, helburu finalistekin esleituta baitaude", esan du Azpiazuk.

Sailka, sailburuak azaldu duenez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa; Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak; eta Lana eta Enplegua dira funts-bolumen handiena esleituta dutenak. Guztira, kopuru osoaren % 88 baino gehiago adierazten dute.

Orain arte jasotako funtsekin, Eusko Jaurlaritzak 29 deialdi egin ditu hainbat kolektibori dirulaguntzak emateko; guztira, 164 milioi euro. 44 kontratu lizitatu dira, 102 milioi euroko zuzkidurarekin, eta 4 enkargu egin zaizkio EJIEri, 1,8 milioi euroko balioarekin.

2022ko bigarren seihilekoan, dirulaguntzen 25 deialdi berri, kontratazio publikoko 22 lizitazio eta EJIEri egindako 7 enkargu abiaraztea aurreikusi da, eta horiek 289 milioi euro gehiago mobilizatuko dituzte.

Horrek esan nahi du, sailburuaren arabera, 2021ean eta 2022an sektore-konferentzian Euskadiri esleitutako 644 milioi euroetatik (104 2023rako dira), urte honen amaierarako, % 86,4 zirkulazioan jarriko zirela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa