Ekonomia -
X. biltzarraren amaiera
"LAB euskal sindikalismo berria da", aldarrikatu dute Aranburuk eta Arroyok
Sindikatu abertzalearen Batzorde Nazional berriak % 94ko babesa jaso du; aldeko 389 boto, kontrako 13, bi boto zuri eta hamar abstentzio izan dira.
Agentziak | EITB Media
Sindikatu abertzalea "euskal sindikalismo berria" dela aldarrikatu dute Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiek, "salaketak, baina aldi berean aukerak planteatzen" dituelako. "Diskriminaziorik gabe, langile guztien etxea" izan nahi dute. "Sindikalismo feministan" sakondu, "sindikalismo independentista" indartu, lantokietan "borroka eta greba gehiago" antolatu eta "borroka sozialetan parte hartzen" jarraitzeko helburuak ere aipatu dituzte bi buruzagiek.
Bere hamargarren Kongresua bukatu du sindikatuak. "Bagara, bagoaz" lelopean, bi jardunaldi egin dituzte 500 ordezkariren parte-hartzearekin. Datozen bost urteetarako lan ildoak onartu eta zuzendaritza berria aukeratu dituzte. Batzorde Nazional berriak % 94ko babesa jaso du; aldeko 389 boto, kontrako 13, bi boto zuri eta hamar abstentzio izan dira.
Biltzarraren bigarren eguna gonbidatuen hitzaldiekin hasi da. Besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu dute hitza.
Era berean, nazioarteko sindikatuek sinatutako herrien autodeterminazioaren inguruko adierazpen bat aurkeztu dute; Saharako eta Palestinako ordezkariek irakurri dute.
Emakumeen nazioarteko taldeak ere adierazpen bat irakurri du, "ahalduntzea eta emakumeen garrantzia borrokan" ardatz zituela.
Ondoren, LABeko emakumeei eta Ainhoa Etxaide sindikatu idazkari nagusi ohiari omenaldia egin diete. Gero Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile nagusien txanda izan da. Bi kideren artean zuzenduko dute LAB aurrerantzean.
Aranburuk eta Arroyok azaldu dutenez, LAB "nazioarteko klase borrokaren oinordeko" sindikatua da. "Euskal Herriko langileak gara. Gure herria zatituta eta aitortu barik gabe, baina ez dago menperaturik. Gure nortasun nazionala mantentzen dugu, eta klase borrokan tinko jarraitzen dugu", azpimarratu dute.
Bi buruzagien ahotan, "LABek aire berria dakarkie langile guztiei, euskal beharginen esanetara jartzen dugun tresna da, bizitza eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko; bazterrean dauden langileak erdigunean jartzen dituen sindikatua da, salaketak planteatzen dituen behargin guztien sindikatua da, baina baita aukerak ere. Eraldatzaileak gara. Euskal sindikalismo berri gara".
Sindikatuaren xedea "euskal errepublika eraikitzea da, euskal lan kode, euskal esparru sozioekonomiko, euskal gizarte segurantzaren bidez", nabarmendu dute. "Bustitzeko garaia da, eta gu prest gaude, horrela aurrera egiteko, sindikalismoari aire berria emanez", gaineratu dute.
Garbiñe Aranbururekin eta Igor Arroyorekin batera, Zuzendaritza Batzorde berria osatuko dute Maider Jauregi (Komunikazio arduraduna), Oihana Lopetegi (Ekintza Sindikal eta Negoziazio Kolektibo arduraduna), Kris Gete (Industria Federazioko arduraduna), Maddalen Dorador (Zerbitzu Pribatuen Federazioko arduraduna) eta Endika Perezek (Ekintza Sozialeko arduraduna).
Era berean, besteak beste, Xabier Ugartemendia (Zerbitzu Publikoen Federazioko arduraduna), Izaskun Garcia (Antolakuntza arduraduna), Aiora Imaz Gabilondo (Parte-hartze eta Barne Komunikazio arduraduna) eta Arantza Vazquez (Arlo Transbertsalen arduraduna) zuzendaritzako kide izango dira.