Ekonomia -

Ipar Euskal Herrian

Aranburuk LAB "borrokaren erreitik aterako" ez dutela ziurtatu du X. Kongresuan

Miarritzen eta Baionan du egitekoa biltzarra, eta bi koordinatzaile orokor izango ditu: Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo. Goizean kudeaketa txostena aurkeztu du Aranburuk, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak lagunduta. Bozketan, biltzarkideen % 99,3k babesa eman diote txostenari.

LABeko ordezkariak, gaur, biltzarrean. Argazkia: LAB
LABeko ordezkariak, gaur, biltzarrean
LABeko ordezkariak, gaur, biltzarrean. Argazkia: LAB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abian da LAB sindikatuaren X. Kongresua Miarritzen eta Baionan. Ehunka ordezkari bildu dira sindikatuaren aro berri bati ekiteko, biltzarra bukatutakoan egitura berri bat izango dute eta, bi ordezkari orokorrekin: Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, "ez dute" sindikatu abertzalea "borrokaren erreitik aterako", eta "borroken loratzea ahalbidetzeko ureztatzen jarraituko du".

"Bagara bagoaz" lelopean, 500 ordezkari bildu ditu LABek, Baionan eta Biarritzen egiten ari den Kongresuan.

Biltzarra 09:30 aldera hasi da, biltzarkideen akreditazioarekin eta gonbidatuen harrerarekin. Kongresuan 28 herrialdetako 31 sindikaturen 48 ordezkari parte hartzen ari dira.

Goizean kudeaketa txostena aurkeztu du Aranburuk, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak lagunduta. Bozketan, biltzarkideen % 99,3k babesa eman diote txostenari.

LABeko biltzarkideek 203 zuzenketa eztabaidatu dituzte ostegun honetan. Horietatik, 102 zuzenean onartu dituzte, 115 adostu, 47 bertan behera geratu dira, eta 19 atzera bota dituzte, aurkeztutakoen % 6,7 soilik. Ostiralean zuzendaritza berria aukeratuko dute.

Aranburuk biltzarra hasteko minutu batzuk falta zirenean Radio Euskadin esan duenez, bi buruko zuzendaritza izateko erabakia "sindikatuaren aldaketa islatzeko" asmoarekin hartu da; "eredu parte-hartzaileagoa, jendearen eta komunitatearen iritzia aintzat hartuko duena, modu bertikalean egituratu beharrean horizontalean jardungo dena, zuzendaritza-eredu kolegiatuagoarekin, eraldaketa feministaren aldeko apustuarekin bat eginda, sindikatu barruan eta kanpoan". Bi buruko eredua, hortaz, erabaki horien ondorio da, azaldu duenez.

Mahai sozialean parte hartzeari buruz, Aranburuk berretsi egin du ez dutela foro horretan parte hartuko, "asmoa da klase-borroka partaidetza organoetara eramatea. Gure apustua patronala eta gobernuen artean politika publikoak egitean duten sintonia agerian uztea da". "Argi utzi nahi dugu, indarrak gure burua berrantolatzeko eta borrokarako gaitasunean datza, bai lan zentroetan, baita kalean ere", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Baiona Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak