Ekonomia -
Argindarraren faktura
Argindarraren prezioa % 3,15 garestituko da, gasari ezarritako mugaren bigarren egunean
Megawat ordua 170,81 euro baino gehiago ordainduko da ostegunean. Izan ere, enkantean ezarritako prezioa ez da behin betikoa, eta bero bolada tarteko, argindar konpainiei eman beharreko konpentsazioaren gastua erantsi behar baitzaio.
Agentziak | EITB Media
Argindarra garestiago ordainduko dute bihar kontsumitzaileek, zehazki, % 3,15 karuago, handizkako merkatuan egindako enkanteak ezarritako prezioaren arabera. Megawat ordua 170,81 euroan kokatu da gaur, gasaren prezioari muga ezarri ziotenetik bigarren eguna den honetan.
Prezio hori, baina, ez da behin betikoa. Izan ere, argindarra ekoizteko gasa erabiltzen duten zentralei horregatik ordaindu duten prezioa konpentsatu behar zaie. Bero bolada tarteko, argindar eskaria handiagoa da, eta elektrizitate gehiago ekoitzi behar dute konpainiek. Hala, litekeena da kontsumitzaileek ordaindu beharrekoa gehiago izatea ostegunean.
Ordu tarte garestiena 22:00-23:00 artekoa izango da (210,44 euro/MWh), eta merkeena 15:00 eta 16:00 bitartekoa (150 euro/MWh).
Europa osoan goraka ari da argindarraren prezioa. Frantziako estatuan, adibidez, megawatt ordua 272,85 eurokoa izango da; Erresuma Batuan, 183,18 libera (211,54 euro inguru) eta Alemanian, 201,97 euro. Portugalen ere indarrean dago "iberiar salbuespena" (gasaren prezioari muga jartzeko Bruselak onartutako araua) eta han ere, Espainiako prezioa izango dute.