Ekonomia -
Etxebizitza
Euriborra, % 1etik gora 2012tik lehen aldiz
Hipoteka gehienen indizea % 1,067 da, Europako Banku Zentralak uztailean eta irailean interes-tasak igoko dituela iragarri ostean.
Agentziak | EITB Media
12 hilabeterako Euriborra % 1etik gora kokatu da bere eguneko tasan azken hamarkadan lehen aldiz, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak igoko dituen aurreikuspenaren ondorioz azken egunotan gorakada handia izan ondoren.
Hipoteka gehienen indizea % 1,067 da, hau da, 2012ko uztailaren 11tik izan duen eguneko baliorik handiena. Orduan, % 1,084 izan zen.
Ekaineko behin-behineko hileko batez bestekoa, beraz, % 0,646 da, 2012ko urritik ikusten ez zen maila. Aurtengo maiatzean, adibidez, % 0,287 izan zen, eta, 2021eko amaieran, % -0,5etik behera egon zen.
Uztailean eta irailean EBZk interes-tasak igoko dituela eta urteko hirugarren hiruhilekotik aurrera tasak positiboan jarriko dituela iragarri izanak eragin du Euriborraren igoera.
EBZk premiazko bilera bat egin du merkatuen egoera aztertzeko aste honetan Italiako eta Espainiako bonuei eskatzen zaizkien errentagarritasunak 2014ko mailetara iritsi ondoren, % 4 eta % 3tik gora, hurrenez hurren.