Ekonomia -

Pentsiodunen Mugimendua

13 egun eta 700 kilometro bizikletaz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua errepidera atera da pentsio duinak eta bidezkoak eskatzeko. Gaur Donostiako Alderdi Ederretik abiatu dira eta bertara iritsiko dira hilak 25ean, larunbata. Egun horretan manifestazio nazional batekin amaituko da pentsiodunek abiatutako mobilizazioa.

Martxaren hasiera, Alderdi Ederretik, Donostian. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Martxaren hasiera, Alderdi Ederretik, Donostian. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Martxaren hasiera, Alderdi Ederretik, Donostian. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa bat hasi du astelehen honetan Donostian. 13 egunez eta 700 kilometrotan zehar, euskal geografia osoko hainbat udalerri eta eskualde zeharkatuko dituzte bizikletaz, pentsio publiko "duinak, bidezkoak eta nahikoak" eskatzen jarraitzeko.

Donostian ekin diote martxari, Alderdi Ederretik  eta Gipuzkoako hiriburura itzuliko dira datorren asteko larunbatean, hilaren 25ean. Izan ere, manifestazio nazional batekin amaituko da mobilizazioa. Herritar orori egin diote protestan parte hartzeko deia "guztion eskubideak" baitira jokoan. Pentsiodunen Mugimenduak azpimarratu du borroka ez dela gaurko pentsiodunen eskubideen aldekoa soilik "baita etorkizuneko pentsiodunen eskubideen aldekoa ere". 

Mugimenduko bozeramaileek, beste behin ere, 2023ko aurrekontuetan 1.080 euroko osagarria jasotzea eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Estatuko Gobernuak gutxieneko pentsio hori ezartzen ez duen bitartean.

Bestalde, LAB sindikatuak, ohar baten bidez, atxikimendua agertu dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduari, eta bat egin du "zerbitzu publikoen defentsa, zainketen banaketa eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa" aldarrikatzearekin.

LABek adierazi duenez, "urteetan zehar, pentsiodunek agerian utzi dute mugimenduak duen indarra eta konpromisoa", eta gogorarazi du "milaka" direla "astelehenero herrietako plazak betetzen" dituztenak; halaber, goraipatu egin du pentsiodunek, mobilizazio propio ugari sustatzeaz gain "beste borroka askotan ere ekarpena" egin izana.

"Pentsio duinen aldeko borroka langile guztien borroka da. Madrilen egiten ari diren erreformek sistema publikoa desegitea dakarte, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erakutsi dute ez dutela borondate politikorik kalean etenik ez duten aldarrikapenei irtenbidea emateko", adierazi du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Pentsioak