Ekonomia -

Krisi diplomatikoa

EB-Aljeria akordioa "urratzea" leporatu diote Bruselak eta Espainiak Aljerri, merkataritza eteteagatik

"EBko Estatu kide baten aurka aplikatutako edozein neurri hertsatzaileri aurre egiteko prest dago Brusela", esan dute Josep Borrell EBko diplomazia buruak eta Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak agiri bateratu batean.

Jose Manuel Albares Atzerri ministroa. Argazkia: EFE.
Jose Manuel Albares Atzerri ministroa. Argazkia: EFE.
Jose Manuel Albares Atzerri ministroa. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela bi egun Aljeriak  Espainiarekin merkataritza etetea erabaki zuen, Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldaketagatik. Erabakiak Europar Batasunaren merkataritza legea urratu dezakeela ohartarazi dute EBko goi-kargudunek ostiral honetan.

Konkretuki, Europako Batzordeak esan du Aljeriak hartutako erabakia, Espainiarekin sinatutako Adiskidantza Ituna bertan behera uztea, "oso kezkagarria" dela. Are gehiago, EB-Aljeria Elkartze akordioa "urratu" dezakeela ohartarazi du.

"EBko Estatu kide baten aurka aplikatutako edozein neurri hertsatzaileri aurre egiteko prest dago Brusela", esan dute Josep Borrell EBko diplomazia buruak eta Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak agiri bateratu batean. "Hala ere, elkarrizketak lehentasuna du eztabaidak konpontzeko", erantsi dute.

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa Bruselara joan da ostiral honetan. Bertan bildu da Valdis Dombrovskis Europar Batasuneko merkataritza-politikaz arduratzen den Batzordeko presidenteordearekin.

Espainiako Atzerri ministroaren esanetan, Aljeriaren "aldebakarreko" erabakiak EB-Aljeria "elkartze akordioa urratzen" du.

"Aldebakarreko neurriak Aljeria-EB elkartze akordioa urratzen du; beraz, nahiz eta Espainiaren aurkakoa izan, merkatu bakarrari eragiten dio, Aljeriaren merkataritza eta harreman ekonomikoari", ziurtatu du ministroak.

Albaresek egiaztatu duenez, "Aljeriaren aldebakarreko neurria errefusatzen dute Europar Batasunak, Batzordeak eta Europako erakundeek".

"EBk eta bere erakundeek gure ikuspegi berdina dute", esan du Albaresek. Afrikako herrialdean Espainiaren eta enpresen interesak defendatuko dituztela gaineratu du.

Albares: "EBk eta bere erakundeek gure ikuspegi berdina dute"

Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatzeagatik Adiskidantza Ituna bertan behera utzi du Aljeriak aste honetan. Erabakiaren lehenengo ondorioa kanpo merkataritzako banku operazioak etetea izan da.

Batzordearen ahotan, "EB Estatu kide bati tratu diskriminatzailea ematea litzateke, eta Batasunaren eskubideen ariketan eragin negatiboa izango luke".

"Egoera azkar bideratzen" saiatzeko, Bruselak "Espainiako Gobernuarekin eta Aljeriako agintariekin harreman etengabea du".

Hirugarren herrialde baten aldebiko harremana EBko Estatu kideren batekin, Europar Batasunarekin harremanak dira, Bruselako ordezkariek gogorarazi dutenez.

"Batasuna eta elkartasuna EBren barruan gure interesak eta balioak defendatzeko funtsezkoak dira herrialde guztiekin ditugun harremanetan", erantsi du oharrak.

Gainera, merkataritza politika EBren eskumen esklusiboa da, eta Batasuna "Estatu kide baten aurka aplikatutako edozein neurri hertsatzaileri aurre egiteko prest dago".

"Aljeria EBren bazkide garrantzitsu bat da Mediterraneoan, eta aktore erabakigarria eskualdearen egonkortasunerako", Europako diplomaziaren buruak eta merkataritza politikako arduradun nagusiak nabarmendu dutenez.

EB Aljeriaren merkataritza bazkide nagusia da, eta Afrikako herrialdearen nazioarteko merkataritzan pisu handiena du (2019ean % 46,7). Afrikako herrialdea, ostera, EBko merkataritza bazkideen zerrendan 28. tokian dago, eta merkantzien % 0,7 suposatu zuen 2020an.

Bestalde, Enagas Espainiako gas konpainiak Kantauri Itsasoko uretan dagoen Gaviota plataforma guztiz beteko du aurki, datorren neguan erregai hori hornitzeko ahalmena indartzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Europar Batasuna Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Krisi energetikoa