Ekonomia -
KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA
Urte arteko inflazioa % 8,3ra igo da EAEn eta % 8,7ra jaitsi Nafarroan, maiatzean
Azken hilabetean, urte arteko tasa bost hamarren hazi da EAEn eta bi hamarren jaitsi, ostera, Nafarroan. Bestalde, maiatzeko urte arteko inflazioa % 8,7koa izan da Espainiako Estatuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Urte arteko inflazioa % 8,3koa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 8,5ekoa, Nafarroan, maiatzean, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera.
Azken hilabetean urte arteko tasa bi hamarren jaitsi da Nafarroan, % 8,7tik 8,5era. EAEn, ostera, bost hamarren hazi da: % 7,8tik % 8,3ra.
Prezioak % 0,8 garestitu dira maiatzean EAEn eta % 0,4 Nafarroan, aurreko hilabetearekin alderatuta.
Espainiako datuak
Maiatzeko urte arteko inflazioa % 8,7koa izan da Espainiako Estatuan, Estatistika Institutuak ostiral honetan zabaldutako behin betiko datuen arabera. Beste behin ere, erregaiak eta elikagaiak izan dira prezioen gorakadan eragin handiena izan duten produktuak. Elikagaien kasuan, hauek dira gehien garestitu direnak: ogia, zerealak, gazta, arrautza eta haragia. Aitzitik, lekaleak eta barazkiak merkatu egin dira.
Prezioak % 0,8 garestitu dira maiatzean, apirileko prezioekin alderatuta. 2018tik maiatzean izan den gorakadarik handiena da.
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak aintzat hartzen ez dituena), berriz, puntu erdi igo da maiatzean, % 4,9raino. 1995eko urritik inoiz izandako tasarik altuena da.
Elikagaien kasuan, urte arteko tasa % 11 igo da, eta 1994ko urtarriletik izandako igoera handiena da.
Inflazioak gora egin du berriro maiatzean, apirilean 1,5 puntu jaitsi ondoren, % 8,3ra. Maiatzeko datua martxokoa baino 1,1 puntu txikiagoa da, orduan KPIa % 9,8ra iritsi baitzen.