Ekonomia -
Argindarraren prezioa
Noiz nabarituko du kontsumitzaileak argindarraren faktura murriztu dela?
Gasaren prezioa mugatzea eta, ondorioz, argindarraren faktura merkatzea ahalbidetuko duen ezohiko neurria urtebetez egongo da indarrean iberiar penintsulan, ekainaren 14tik hasita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak atzo onartu zuen Espainian eta Portugalen gasaren prezioa mugatzea eta, ondorioz, argindarraren prezioa murriztea ahalbidetuko duen mekanismoa.
Iberiar Penintsulan soilik aplikatuko den ezohiko neurria da eta urtebetez egongo da indarrean, 2023ko maiatzaren 31ra arte, hain zuzen ere.
Muga hori ekainaren 14ko handizkako merkataritzaren enkantean aplikatuko dute lehen aldiz eta biharamuneko prezioetan izango du eragina, Espainiako Gobernuak azaldu duenez.
Halaber, Pedro Sanchezen Exekutiboak zehaztu du gasaren prezioaren muga megawatt orduko 48 euro inguruan ibiliko dela eta kontsumitzaileen faktura % 15 eta % 20 artean murriztuko dela.
Teresa Ribera ministroak argitu du uztaileko argindarraren fakturan antzemango dela prezioren jaitsiera, ezohiko neurria ekainaren erdialdean aplikatzen hasiko direla kontuan hartuta.
Horrez gain, Riberak espero du mekanismo horri esker inflazioa Espainian "zortzi hamarren edo puntu bat" jaitsiko dela datozen hilabeteetan.