Ekonomia -
NEXT GENERATION
Euskadiko 100 udalerrik baino gehiagok 114 milioi euro jasoko dituzte Europako funtsetatik
Horietatik 60,3 milioi euro hiriburuetara bideratuko dira eta funts gehienak mugikortasun iraunkorrarekin, ingurumen-proiektuekin eta emisio txikiekin lotutako ekimenentzako izango da.
EITB MEDIA
Next Generation Europako Funtsen 114 milioi euro eman zaizkie dagoeneko Euskadiko 100 udalerri baino gehiagori, eta horietatik 60,3 milioi hiriburuetara bideratuko dira: 23,3 milioi Bilborako, 18,4 Donostiarako eta 18,6 milioi Gasteizerako.
Gorka Urtaran EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak funts horien berri eman dute elkarrekin emandako prentsaurreko batean, Europako finantzaketari buruzko bilera egin ostean.
114 milioi euro horietatik 90 milioi ministerioen zuzeneko transferentziakoak dira, eta gehienak mugikortasun iraunkorrarekin, ingurumen-proiektuekin eta emisio txikiekin lotutako ekimenei eman zaizkie. Udalerri txikien kasuan, proiektu gehienak banda zabalaren instalazioarekin lotuta daude.
Gainerako 24 milioi euroak Jaurlaritzak esleitutako turismo-jasangarritasuneko planetara zuzendu dira.
Datozen hilabeteetan, kopuru horiek handitu egingo dira, beste proiektu batzuetarako finantzaketa ematea espero baita, besteak beste, eraikin publikoetako energia-eraginkortasunerako proiektuetarako.