Ekonomia -

Osakidetza

SATSE Euskadik erizainen kopurua handitzeko eskatu du, Lehen Arretan dagoen "egoera tamalgarria" eteteko

Erizainen sindikatuak salatu duenez, "udako arazo puntuala zena ohiko arazo bihurtu da urte osoan zehar". Are gehiago, neurriak hartu ezean eta erretiroen ondorioz, datozen urteetan "egoera larriagotu" egingo dela ohartarazi du.

Hainbat erizain, berdez jantzita, artxiboko argazki batean. EFE
Hainbat erizain, berdez jantzita, artxiboko argazki batean.
Hainbat erizain, berdez jantzita, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SATSE Euskadik erizainen kopurua handitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Lehen Arretan dagoen "egoera tamalgarria" eta "hondamendiranzko deriba" eteteko, eta salatu du "udako arazo puntuala zena ohiko arazo" bihurtu dela urte osoan zehar.

Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, egoerari buelta emateko honakoak egitea beharrezkoa da: erizaintzari "prestigioa ematea", erizainen kopurua Europar Batasunak duen mailaraino handitzea, eskumen berriak ematea, autonomia eta erabakitzeko gaitasuna handitzea, betiere "segurtasun juridikoarekin eta behar bezalako aintzatespenarekin".

SATSE Euskadiren esanetan, sindikatuak "urteak daramatza Lehen Mailako Arretaren egoera tamalgarria salatzen. Lehen udako arazo puntual bat zena, Gabonetara eta Aste Santura zabaldu da, eta, beraz, urtean, gutxienez 4 hilabetez zentroek ez dute beren ohiko ordutegian funtzionatzen". 

"Gaur egun, ohikoa da osasun-zentroetan langile guztiak ez egotea lanean, eta profesionalak falta direnean ez dira ordezkatzen", salatu du Amaia Mayor bozeramaileak. Salaketak gorabehera, "Osakidetzak ez du konponbiderik hartu oraindik", kritikatu du. 

"Larriagotuko den egiturazko arazoa"

Horren harira, sindikatuak argitu du profesionalen falta "aspalditik datorren zerbait" dela, eta "pandemia baino askoz lehenago hasitako egiturazko arazo bat" dela. "Neurriak hartzen ez badira, egoera larriagotu egingo da datozen urteetan, 2027ra arte Lehen Mailako Arretako 1.089 profesional erretiratuko baitira", ohartarazi du Mayorrek.

Sindikatuak salatu du Osakidetzak "negoziatzen ez diren antolamendu-neurriak" hartu dituela, eta horren ildoan gogorarazi duenez, "SATSEk hala eskatuta, epai bat dute negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratzeagatik".

SATSEk adierazi du Osakidetzak Lehen Mailako Arretako Unitatean elkartu dituela emaginak, familia-medikuak eta pediatrak eta horrek "profesionalak eta herritarrak beste herri batzuetara mugiarazi" dituela.

"Hala eta guztiz ere, bai Osasun sailburuak, bai Osakidetzak, goraipatu egin dute erizainek Lehen mailako Arretan duten zeregina 'enborreko kolektibo' gisa, eskumen eta erantzukizun berriak hartu behar baitituzte profesional kopuru berarekin, eta horrek esan nahi du gainkarga dagoela inolako aitorpenik gabe", erantsi du.

"Presio, estres eta lanbide uzte gehiago"

Egoera horrek guztiak Lehen Arretako erizainen kolektibo guztiari eragiten dio, SATSEren esanetan, bai erizainei, bai emaginei. Salatu dutenez, "erizainek gero eta presio handiagoa jasaten dute beren lanean, bat-bateko neurriak abian jartzen dira behar den informaziorik gabe, eta etengabe baldintzatzen dituzte beren atsedenaldiak, oporrak eta lana eta familia bateragarri egitea".

Amaia Mayorrek ohartarazi duenez, "kolektiboari psikologikoki eragiten dion egoera da: estresa, burnout-a (neke profesionalaren sindromea) eta esparrua uztea eragiten du, medikuntzako profesionalekin gertatu den moduan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Erizaintza