Ekonomia -

Aireportuak

200 polizia-agentek indartuko dituzte kontrolak Barajasen, Espainiako Gobernuak iragarri duenez

Espainiar Gobernuak azaldu du zergatik gertatzen ari diren jendetzak eta ilarak Estatuko aireportu handietan; izan ere, "Schengen Eremutik kanpoko hegaldiak pilatu dira", eta egoerak "oso ohiz kanpokoak" dira.

Barajas aireportua (Madril), artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Barajas aireportua (Madril), artxiboko irudian
Barajas aireportua (Madril), artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko Lurralde Antolamenduko ministro eta bozeramaileak astearte honetan iragarri duenez, "une honetan, poliziako agente-lanpostuak berreskuratzen ari dira" Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuan, nazioarteko bidaiarien pasaporteen kontroletan; hain zuzen ere, "Polizia Nazionaleko 200 lanpostu berri" izango dira aireportu horretan.

Azken egunotan, jendetzak eta ilara handiak ari dira gertatzen Estatuko aireportu handietan, pasaporteen kontrolguneetan; horren gainean galdetu diotenez, Rodriguezek ziurtatu du udarako hilabeteetan "erantzun egokia" emango zaiola nazioartetik iritsitako bidaiarien kopuru handiari. Hortaz, Madrilgo aireportuan 600 agentetik gora izango dira.

Ilarak, Rodriguezek esan duenez, "Schengen Eremutik kanpoko hegaldiak pilatu direlako" ari dira gertatzen; egoerak "oso ohiz kanpokoak" dira, ministroaren arabera.

Ildo horretan, Airelineen Elkarteak eta Iberia bezalako konpainia batzuek, baita Madrilgo Erkidegoko Gobernuak eta Espainiako hiriburuko Udalak ere, salatu egin dute egoera. Airelineen Elkartearen esanetan, 3.000 bat lagunek galdu zuten hegaldia, azken Aste Santuan, Barajasen; halaber, nabarmendu dutenez, martxoaren 1etik, Iberiako 15.000 bidaiarik galdu dute aire-konexioa, kontroletan atzerapenak izateagatik.

"Kexa bat ere ez, hegaldia galtzeagatik"

Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren esanetan, dena dela, ez da aparteko atzerapenik ezta kolapsorik izan polizia-agente gutxi egoteagatik: "Azken hilabeteotan, Polizia Nazionalak ez du kexarik jaso, bat bera ere ez, hegaldia galtzeagatik; hori ez dator bat adierazpen jakin batzuekin", gehitu dute Ministerioko iturriek.

"Berresten dugu: Schengen Eremutik kanpoko hegaldiak pilatu dira, eta horrek eragin ditu salbuespen-egoera batzuk, baina besterik ez da. Ez dugu jasota bidaiariek hegaldirik galdu dutenik, are gutxiago zabalduta dagoen kopuru hori, 15.000ekoa, pasaporte-kontroletan gertakariak izateagatik. Hori ez dago Inon jasota eta ez dago frogatzerik", diote iturri horiek.

Turismo-sektoreko hainbat eragilek salatu du pasaporteen kontrolguneetan agente gutxi izatea; udara helduta, nolanahi ere, kontuan izanik gainera nazioarteko turismoa suspertzen ari dela, ematen du arazoa okerrera ari dela jotzen.

Espainiako Gobernuak emandako datuei erreparatuta, jada ezartzen ari diren errefortzuei esker, ekainetik Aurrera Polizia Nazionaleko 601 agente izango dira Barajasen; Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak aurreikusi duenez, ekainean 18.725.262 bidaiari izango dira bertan. 2019an, alegia, pandemiaren aurreko urtean, 19.232.735 bidaiari izan ziren Barajas aireportuan; guztira, 425 polizia-agente izan ziren bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Espainiako Gobernua albisteak Espainia Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Foronda albisteak Donostiako aireportua Iruñeko aireportua gaur