Ekonomia -

Lana

Europar Batasunean gutxieneko soldata "egoki" bat ezartzeko irizpidea adostu du Bruselak

Bi urtez negoziatzen ibili ostean lortu dute akordioa Europako Parlamentuak eta Kontseiluak. Itunak ez du esan nahi 27 estatu kideetan gutxieneko soldata komun bat ezarriko dutenik.

Ituna negoziatu duten taldeen ordezkariak, gaur Europako Parlamentuan. Argazkia: @a_jongerius
Ituna negoziatu duten taldeen ordezkariak, gaur Europako Parlamentuan.
Ituna negoziatu duten taldeen ordezkariak, gaur Europako Parlamentuan. Argazkia: @a_jongerius

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak behin-behineko akordioa erdietsi dute Europar Batasunean (EB) gutxieneko soldata "egoki" bat ezartzeko. Horrek ez du esan nahi 27 estatuetan gutxieneko soldata bakar eta komuna ezarriko dutenik, baizik eta EBn lege esparru zehatz bat izango dela langile guztiek baldintza minimo batzuekin lan egin dezaten.

Europar Batzordeak 2020ko abenduan egindako proposamena bat izan dute bi erakundeek abiapuntu, eta bi urtez negoziatzen ibili ondoren, gaur iragarri dute ituna. Adostutako agiriak estatuen eredu "aniztasuna" onartu, eta negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratzen du.

Orain Europako Parlamentuak eta Batzordeak babestu behar dute testua, eta behin indarrean sartzen denean, estatu kideek bi urte izango dituzte irizpideok euren araudietan txertatzeko.

EBko estatu batzuetan, herrialde eskandinaviarretan esaterako, negoziazio kolektiboaren bidez ezartzen dute gutxieneko soldata. Beste batzuetan (Espainiako Estatuan, kasu), aldiz, legez ezarrita dago.

Negoziazio kolektiboa sustatzeko neurriak

Hain justu, hainbat jarraibide eman dizkiete gutxieneko soldata legez ezarrita duten estatu kideei. Hasteko eta behin, soldatak ezartzeko prozedura zehatza adostea, eta irizpide argi batzuen bidez eguneratzea eskatu diete.

Eguneratze horiek, gutxienez bi urtean behin eta gehienez lau urtean behin egin beharko dituzte. Halaber, sindikatuek prozesu horietan parte hartu beharko dute.

Izan ere, negoziazio kolektiboa "tresna garrantzitsua" dela uste dute bi erakundeek eta, hortaz, gizarte eragileen parte hartzea sustatu beharra dagoela ondorioztatu dute. Hori horrela, negoziazio kolektiboaren tasa % 80tik behera dagoenean, hura sustatzeko egitasmoak jarri beharko dituzte martxan estatu kideek.

"Akordio honekin, Europako historia sozio-politikoa idazten ari gara. Lehen aldiz, EBko araudiak langileei soldata bidezko eta hobeak bermatzen lagunduko du", azpimarratu du Dennis Radtke Europako Alderdi Popularraren taldeko txostengileak.

Agnes Jongerious eurodiputatu sozialista eta txostengilea ere pozez agertu da. "Lege honi esker soldata arloan dauden ezberdintasunak murriztuko ditugu eta presio egiten dugu Europan okerren pagatuta dauden langileek soldata altuagoak izan ditzaten", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Brusela Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Soldatak Euroganbera