Ekonomia -
Sare sozialak
Erosketa bertan behera uzteko mehatxu egin dio Muskek Twitterri, kontu faltsuen berri ez emateagatik
Handi-mandiaren abokatuek gutun batean ohartarazi dutenez, Twitter "bat-egite akordioan jasotako informazio eskubidea aktiboki oztopatzen" ari dela pentsatzen du Muskek.
Agentziak | EiTB Media
Twitterren erosketa "aurrera ez eramateko" eskubidea duela ohartarazi du Elon Musk enpresaburuak, konpainiak erabiltzaile kontu faltsuen, 'spam' eta 'bots'en inguruko informazioa emateari uko egin diolako. Ondorioz, sare sozialaren jabeak betebeharrak urratzen ari dela uste du Muskek.
Handi-mandiaren abokatuek gutun batean ohartarazi dutenez, Twitter "bat-egite akordioan jasotako informazio eskubidea aktiboki oztopatzen" ari dela pentsatzen du Muskek.
"Twitterren funtsezko betebeharren urraketa argi bat da, bat-egite akordioaren arabera, eta Musk jaunak eskubideak ditu, besteak beste, erosketa aurrera ez eramateko eta bat-egite akordioa desegiteko", adierazi dute.
Maiatzaren 13an, enpresaburuak Twitterren erosketa gelditzea erabaki zuen, sare sozialeko erabiltzaile aktiboetan kontu faltsu eta bots proportzioaren inguruko xehetasun gehiago ezagutu nahian, baina "oraindik operazioarekin konpromisoa" agertu zuen.
Kontu lagin baten barne azterketa egin ondoren, 2022ko lehen hiruhilekoan, kontu faltsu edo spam batezbestekoa "% 5 baino gutxiagokoa" izan zela azaldu zuen Twitterrek.
Hala ere, Twitterrek onartu zuenez, kontu faltsu edo spam estimazioa "zehatza ez izatea gerta liteke"; sare sozialean kontu faltsu edo spam aktiboen benetako kopurua "aurreikusitakoa baino handiagoa" izan daitekeela aitortuz.
Apirilaren 28an, lehen hiruhilekoko emaitzen aurkezpenean, Twitterrek hanka-sartze bat onartu zuen. 2019ko lehen hiruhilekotik 2021eko laugarren hiruhilekora egunean erabiltzaile aktibo gehiegi zenbatu zituen, ia bi milioi, hain zuzen ere.
Horrela, 2021eko amaieran, erabiltzaile aktiboen kopurua 214,7 milioira murriztu zuen enpresak, hasieran 216,6 milioi zenbatu bazituen ere.
Zenbatzeko orduan antzeko oker bat aitortzen duen bigarren aldia da; izan ere, 2017an, hiru urteetan zehar erabiltzaile aktibo gehiegi zenbatu zituela onartu zuen.