Ekonomia -
Langabezia
Langabeziak % 4 egin du behera Nafarroan eta ia % 2 EAEn
145.414 langabe daude Hego Euskal Herrian, apirilean baino 3.566 gutxiago. Espainiako Estatuan 3 milioi langabe baino gutxiago daude.
Agentziak | EITB Media
Langabezak behera egin du maiatzean Nafarroako Foru Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 145.414 langabe daude Hego Euskal Herrian, apirilean baino 3.566 gutxiago.
Langabeziak % 1,91 egin zuen behera maiatzean EAEn, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailaren eta Espainiako Gobernuaren Lan eta Ekonomia Sozialaren ministerioaren arabera.
EAEko enplegu bulego publikoetan 113.252 pertsona daude izena emanda, hau da, apirilean baino 2.202 gutxiago. Beraz, % 1,91 egin du behera langabeziak.
2021eko maiatzarekin alderatuta, 9.266 langabe gutxiago daude, hau da, % 7,56 gutxiago.
Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia, % 2,04 (629 langabe gutxiago); Bizkaian % 1,98 murriztu da (1.287), eta Araban % 1,45 egin du behera (286 gutxiago).
Kontratazioari dagokionez, EAEn aurreko hileko eredua errepikatu da maiatzean, kontratazio mugagabea nabarmenduz. % 27,62 izan dira mugagabeak. 68.652 kontratu berri sinatu dira, eta horietatik 18.959 mugagabeak izan dira.
Nafarroan, langabeziak % 4,08 egin du behera. 1.364 pertsona gutxiago daude langabezian, apirilarekin konparatuta. Urte osoko bariazioari dagokionez, langabeziak % 16,85 egin du behera (6.498 pertsona).
3 milioi langabe baino gutxiago Espainian
Espainiako Estatuan, enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan erregistratutako langabeak 99.512 gutxiago dira. % 3,3 egin du behera, beraz. Guztira, 2.922.991 langabe dira, 2008. urtearen amaieratik izandako kopururik txikiena.
Hala eta guztiz ere, maiatzean erregistratutako jaitsiera iazko hil berekoa baino txikiagoa izan da, orduan 129.378 langabe gutxiago zenbatu baitziren. 2020ko maiatzean, pandemia bete-betean zegoela, 26.573 langaberen igoera erregistratu zen.
Inoiz baino jende gehiago lanean
Datuok "berri onak" dira Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuarentzat. Esan duenez, inoiz ez da hainbeste jende egon lanean EAEn.
"Pandemia eta Ukrainako gerra gorabehera, gaur duela bi urte baino pertsona gutxiago daude langabezian eta kontratu mugagabe gehiago. Enpresak eta langileak zailtasun guztiak gainditzen ari gara", azpimarratu du sailburuak.
Egiteko asko oraindik, sindikatuen ustez
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren iritziz "ibilbide luzea geratzen da Europako batez bestekora heltzeko". Hego Euskal Herrian tasa %10,6koa den bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa %6,2koa da. "Enpleguaren datuak txarrak ez badira ere, egia osoa da langile klasea pobretzen ari dela. Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, asko soldata baxuekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko kontratuekin, lan-erreformaren ondoren aldizkako langile finkoen izenaren atzean ezkutatu nahi dituztenak", salatu dute eta antolaketa eta mobilizaziorako deia egin dute.
Datuak, berez, onak direla onartuta ere, LABek ikusten du kezkatzeko arrazoirik. Gazteen enpleguen kalitatea esaterako, haietan langabezia tasa jaitsi bada ere, "lan baldintza prekario eta ezegonkorrak izan ohi dituztelako". Bestetik, salatu du, egonkortze prozesuek ez dutela bermatuko legeak ezarritako behin-behineko tasa % 8ra murriztea. Horri lotuta sindikatuak salatu duenez, "lan erreformaren ondorioak nabaritzen hasiak gara eta esan dezakegu aldizkako kontratu finkoak ugaltzeko joera nagusitzen ari dela, ezegonkortasun forma berriak legez estaltzeko aukerari bide emanez".
Arantxa Niño UGT-Euskadiko Prestakuntza eta Enplegu idazkariak azpimarratu du langabeziak eta prekarietateak eragin handiagoa dutela emakumeengan. "Badirudi ekonomiaren suspertzea eta kontratazioaren egonkortasuna eta kalitatea ahaztu egiten dela emakumeez". Lanbideren datuen arabera, apirilean, sinatutako 5 kontratutik ia 2, % 38, lanaldi partzialekoak dira, ia erdia emakumeen kasuan (% 49) eta % 26,9 gizonen kasuan. Gainera, Niñok ohartarazi du bide luzea dagoela lan-merkatuan lan-prekarietatea bideratzeko, eta egiturazko beste arazo batzuk ere badirela, behar den erantzunik eman gabe jarraitzen dutenak, hala nola iraupen luzeko langabezia eta 55 urtetik gorakoena.