Ekonomia -
Ogasuna
Gipuzkoa Merkatariak: "TicketBai sistema tokiko merkataritza digitalizatzeko aukera bat da"
Gipuzkoako Merkatarien Federazioko presidenteak azaldu duenez, "saltoki batzuk TicketBai erabiltzen ari dira jada, beste batzuk prest daude eta gainerakoak azaroaren 1a baino lehen sisteman sartzeko zain daude".
N. B. | EITB MEDIA
Julen Maiz Gipuzkoa Merkatariak federazioko presidentearen esanetan, TicketBai "digitalizazioaren bidez merkataritzaren zerbitzuak modernizatzeko" aukera bat da, eta gaineratu du bere bazkideak trebatzen ari direla ahalik eta ondoen egokitzeko azaroaren 1etik aurrera tiket digitalera. Sistema horren bidez, fakturak jaulkitzen diren unean online iristen dira Ogasunera, iruzurraren aurka borrokatzeko bitarteko gisa.
Une honetan Federazioko bazkide bakoitzarentzat irtenbiderik onena bilatzea eta merkatariek sistemara egokitzeko izan ditzaketen arazoak antzematea dira Gipuzkoa Merkatariak Federazioaren kezka nagusiak.
Maizek adierazi duenez, "saltoki batzuk TicketBai erabiltzen ari dira jada, beste batzuk prest daude eta gainerakoak azaroaren 1a baino lehen sisteman sartzeko zain daude". Horrela, Federazioaren azken gestioak TicketBai emititzeko araudi berrira datafonoak egokitzen ari diren finantza-erakundeen irtenbideak aztertzera bideratuta daude.
Amaitzeko, Maizek esan du Gipuzkoa Merkatariak taldeari gustatuko litzaiokeela Bizkaiak ere TicketBairen neurria 2022ko ekitaldian egitea, eta ez 2024ko urtarrilean, aurreikusita duten bezala. "Bidezkoena izango zatekeen, nahiz eta jakin badakigun Bizkaiko Ogasunak 2024tik aurrera eskatzen duen konplexutasun-maila handiagoa dela, gastuen eta diru-sarreren kontzeptuak kontrolatzea eskatuko baitute".
Gainera, gogorarazi du Federazioak sei hilabeteko atzerapena negoziatu zuela Ogasunarekin TicketBai indarrean sartzeko, 2022ko maiatzaren 1etik 2022ko azaroaren 1era hain zuzen. Era berean, nabarmendu du negoziazioari esker, Ogasunak TicketBai betetzeko betebeharretik salbuetsita utziko dituela 60 urte beteta dituzten eta langilerik ez duten merkatari guztiak, besteak beste.
Iruzur fiskalaren aurkako borroka
TicketBAI hiru foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak gidatutako proiektua da, eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzea du helburu. Betebehar legal eta tekniko batzuk ezartzean datza, eta horiek, funtsean, fakturazio-software bat erabiltzera behartzen dituzte Euskadin jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.
TicketBAIk aukera emango die foru-ogasunei eskualdean jaulkitzen diren faktura guztien jarraipena egiteko, batez ere eskudirutan kobratzen diren jardueren fakturen jarraipena egiteko. Jarraipen horretatik lortzen den informazioa zergadunei beren zerga-betebeharrak betetzen laguntzeko erabiliko dute.