Ekonomia -

IRUÑEA

Caritasek ohartarazi duenez, pertsona zaurgarrienak "ikaragarri" nabaritzen ari dira prezioen igoera

Iruñea-Tuterako Caritaseko zuzendariak Errenta Bermatuaren garrantzia nabarmendu du "pobrezia eta bazterketa gelditzeko" tresna gisa, baina azpimarratu du ez dela "hagaxka magikoa".

Angel Iriarte, 2022ko Tonbolaren aurkezpenean. Argazkia: @iglesianavarra
Angel Iriarte, 2022ko Tonbolaren aurkezpenean. Argazkia: @iglesianavarra
Angel Iriarte, 2022ko Tonbolaren aurkezpenean. Argazkia: @iglesianavarra

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Iriarte Iruñea-Tuterako Elizbarrutiko Caritaseko zuzendariak 2022ko Tonbola aurkeztu du larunbat honetan Iruñean eta, bertan ohartarazi duenez, krisi energetikoa eta Ukrainako gerrak eragindakoa "larriki" kaltetzen ari dira pertsona zaurgarrienak.

"Oraindik 2008ko krisian murgilduta geundela, pandemia etorri zitzaigun, eta pandemiaren krisitik atera gabe, krisi energetikoa eta Ukrainakoa etorri zaizkigu", deitoratu du. "Familia asko zeharo kaltetzen ditu" egoera horrek.

Zentzu horretan, Errenta Bermatuaren garrantzia nabarmendu du "pobrezia eta bazterketa gelditzeko" tresna gisa, baina azpimarratu du ez dela "hagaxka magikoa".

"Gutako edonor Errenta Bermatuarekin bakarrik biziz gero, 600 euro jasoko ditu hilean", azaldu du. "Ez dut uste inork hilabetea 600 eurorekin amaituko duenik argindarra, ura, hipoteka, alokairua, elikagaiak, arropa... ordaindu behar baditu", adierazi du. Hori dela eta, azpimarratu du prestazio hori "oso laguntza handia" dela eta mantendu beharra dagoela, baina ez dela "arazo oro konponduko duen hagaxka magikoa".

Uneko egoerari buruz galdetuta, Iriartek Caritasen arretaren areagotzea aipatu du, mugen irekieraren ostean. Izan ere, itxita egon izan dira pandemiagatik. Egoera horren ondorioz, "ez zen jende berririk iristen", eta orain "guztiz aldatu da" hori, bereziki Kolonbiatik, Perutik, Erdialdeko Amerikatik eta Marokotik iritsitako pertsonekin.

Bestalde, azpimarratu du pandemiak ez digula arazo berririk ekarri, "aurretik genituenak larritu baizik, eta bertan zeudela ohartzen ez ginen arazoak argitara atera". Horietako bat, azaldu duenez, eten digitala da; "informatikarekin aritzen ez diren pertsonentzako bazterketa modu berri bat", haren ustez.

Gainera, nabarmendu du pandemiak "ikaragarrizko eragina" izan duela buruko osasunean, gazteen artean batez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Iruñeko argazkiak Albisteak Nafarroa Tutera bideoak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak