Ekonomia -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Olatz Garamendi, egonkortze prozesuaz: "Eskaini daitezkeen lanpostu huts guztiak ateratzen ari gara"
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu duenez, egungo behin-behinekotasunarekin amaitzeko lehen interesatua administrazioa bera da.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak 8.764 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du aste honetan 2022rako. Testuinguru horretan eta sindikatuek lanpostuak egonkortzeko prozesuaren inguruan egindako kritiken aurrean, Olatz Garamendi sailburuak azpimarratu du eskaini daitezkeen lanpostu huts guztiak ateratzen ari direla, eta gaur egungo behin-behinekotasunarekin amaitzeko lehen interesatua administrazioa bera dela.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiturazko 6.315 lanpostu ditu gaur egun eta, egonkortze prozesuaren bitartez, 3.683 plaza esleituko dira, "eskaini daitezkeen lanpostu huts guztiak" (% 61 meritu lehiaketa bidez, azterketarik gabe, eta gainerakoak oposizio lehiaketa bidez). Lehen fasean, Administrazio Orokorrean 1272 plaza betetzeko deialdia egin du Eusko Jaurlaritzak eta, sailburuaren esanetan, 48 orduan 5.000 eskari baino gehiago jaso dituzte.
Garamendik onartu du behin-behinekotasuna murriztea heldu behar zaion "erronka" bat dela, eta ondoren Lan Eskaintza Publikoak (LEP) berriro ere prozesu arruntak izan daitezen lortu behar dela. Edonola ere, baikor mintzatu da, eta sektorearen behin-behinekotasuna % 8ra jaisteko helburua lortuko dela uste du.
Bestalde, sailburuaren hitzetan Espainiako Gobernua ez da betetzen ari "emandako hitza, ezta Estatutua ere". Gaineratu duenez, "ez dago aitzakiarik" falta diren eskumenak Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko. "Borondatea ez da hitzekin bakarrik adierazten, ekintzekin baizik", nabarmendu. Sailburuaren arabera, euskal administrazioa "prest" dago transferentzien egutegian jasotako gai guztiak negoziatzeko, baita Gizarte Segurantzaren kudeaketa ere.
Bestalde, ez dio kezka eragiten Pedro Sanchezen legegintzaldia lehenago amaitzean aukerak: "Kontua ez da legegintzaldia amaituko den ala ez, legegintzaldia bizirik dagoen honetan akordioak betetzen diren ala ez baizik".