Ekonomia -

ENPLEGU PUBLIKOA

Eusko Jaurlaritzak 8.764 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du 2022rako

Lanpostuak Administrazio Orokorrari eta haren erakunde autonomoei, Hezkuntzari, Segurtasun Administrazioari eta Osakidetzari dagozkie. Lehenengo fasean, Administrazio Orokorrerako 1.272 plaza deitu dira, eta dagoeneko argitaratu dira. Irailaren 17an eta 18an egingo dira probak.

3.683 plaza esleituko dira behin betiko finkatzeko. Argazkia: EITB Media.
Jendea zebrabide bat gurutzatzen Bilbon
8.764 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du Jaurlaritzak 2022rako

01:12

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 8.764 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du 2022rako. 1.686 plaza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkio, 3.040 Hezkuntza Administrazioari, 315 Segurtasun Administrazioari eta 3.723 Osakidetzari. Administrazio Orokorrari eta bere erakunde autonomoei, Hezkuntzari, Segurtasun Administrazioari eta Osakidetzari dagozkien plazak dira, eta, gainera, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak onartutako eskaintzaren berri eman dio Gobernu Kontseiluari.

Eskaintza "aurrerapauso handia da" Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoaren bitartekotasuna murrizteko duen helburuan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak astearteko Gobernu Kontseiluaren ostean prentsaurrekoan azaldu duenez.

Garamendik zehaztu duenez, "Kidego eta Eskalen Euskal Legean oinarrituta garatzen ari garen finkatze-prozesuen barruan eskaini daitezkeen lanpostu huts guztien deialdia" egingo da. Euskadiko Administrazio Orokorrak 6.315 plaza ditu egituran, eta, prozesu horien bidez, 3.683 plaza esleituko dira behin betiko finkatzeko, hau da, eskaini daitezkeen lanpostu huts guztiak. Horrela, egiturazko bitartekotasuna Europak administrazio publiko guztientzako helburu orokor gisa ezarritakoaren azpitik geratuko da.

Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak astearte honetan argitaratu ditu Administrazio Orokorrean 1272 plaza betetzeko deialdia duten lehen faseko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak, eta probak irailaren 17an eta 18an izango dira, Barakaldoko BECen.  Lau eskalari dagozkien plazak dira: laguntzako langileak (230 plaza), administrari laguntzaileen eskala (677), administrazio eskala (325) eta erizaintzako eskala (40). Gainerako plazak 2022ko abenduaren 31 baino lehen deituko dira.

Hautaketa-prozesuak 

Eskala bakoitzean bi hautaketa prozesu mota egongo dira, indarrean dagoen legediaren arabera. Alde batetik, enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesu bat, lehiaketa bidez egiten dena. Bertan, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztutako merezimenduak baloratuko dira, hala nola esperientzia urteak antzeko lanpostuetan, titulazioa edo hizkuntzak.

Bestetik, enplegua finkatzeko prozesu berezi bat, oposizio-lehiaketa bidez egiten dena. Prozesu horretan, lehenik eta behin, nahitaezko proba batzuk egiten dira, eta, gainditu ondoren, hautagai bakoitzaren merezimenduak baloratzen dira. Prozesu horien bidez, gainera, lanposturik lortu ez duten pertsonek osatutako lan poltsak sortuko dira.

Bi prozesu mota horiek lehenengo fase honetako plazak eta bigarren faseko gainerako eskala eta kategorietakoak esleitzeko balio dute, eta aurtengo abenduaren 31 baino lehen deituko dira.

Bigarren fase horretan, Administrazio Orokorreko 1.836 lanpostutarako deialdia egingo da. Bi deialdietako plaza guztietatik 1.884 merezimendu lehiaketa bidez ebatziko dira (% 60,7), eta 1.224 oposizio-lehiaketa bidez (% 39,3).

Izangaiek gaur bertan, maiatzaren 24an, hasi eta ekainaren 22ra arte eman dezakete izena. Eskakizunei, eskaeren aurkezpenari, hizkuntza-eskakizunei eta oinarri orokorrei, eskala bakoitzeko oinarri espezifikoei edo gai-zerrendei buruzko informazio guztia euskadi.eus webguneko enplegu publikoaren atalean dago eskuragarri.

Garamendi sailburuak adierazi duenez, "indarrean dagoen lege-esparruaren barruan eta ahalik eta segurtasun juridiko handienarekin, deialdi ireki bat diseinatu dugu berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta lehia askea bermatzeko", eta, aldi berean, bitarteko langileen esperientzia luzea eta antzinatasuna aitortu ditu. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko titularrak azpimarratu du "bitartekotasun tasa handia izan dela azken urteotan OPEak ez betetzeagatik, batez ere Estatuak berrezartze tasak ezarri dituelako".

Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzeko eskaintzari buruz ere hitz egin du Garamendik: Idazkaritza, Diruzaintza eta Kontuhartzailetza lanpostuei dagokiena. Azaldu duenez, 55 lanpostu dira hiru lurralde historikoetan, 20/2021 Legean ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.

Bestalde, Espainiako Gobernuak eta sindikatuek adostu dute Estatuko Administrazio Orokorrean inoiz egin den enplegu publikoaren eskaintzarik handiena abiaraztea, guztira 29.578 plaza 2022rako. Itunak sarrera berrietarako 15.880 plaza, barne-sustapeneko 9.591 lanpostu eta aldi baterako lanpostuak egonkortzeko 4.107 lanpostu biltzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak