Ekonomia -
Munduko Ekonomia Foroa
Energia eta elikagaien krisiak direla eta, Davoseko Foroak kezka agertu du
Energia eta elikagaien krisia, Ukrainako gerraren ondorioak edota larrialdi klimatikoa izan dituzte hizpide Munduko Ekonomia Foroan.
agentziak | eitb media
Gaur abiatu da Davosen Munduko Ekonomia Foroa eta energiari eta elikagaiei lotutako krisietan jarri dute arreta lehen saioan. Ez dira gai izan irtenbideak zehazteko eta ohartarazi dute Errusiak Ukrainaren kontrako gerrarekin jarraitzen duen bitartean, ez dela soluziorik izango.
Gatazka armatua noiz amaituko ez den jakiterik ez dagoenez, Errusiarekiko mendekotasunari aurre egiteko, gobernu askok erregai fosilen aldeko apustuari eutsiko diotela uste dute.
"Erregai fosiletan epe luzeko inbertsioak egitea ezin daiteke justifikatu", adierazi du Fatih Birol Energiaren Nazioarteko Agentziako zuzendariak. Alderantziz, energia berriztagarriak erabiltzearen alde egin du eta ekoizpen nuklearra handitzea defendatu du, horretarako ahalmena duten herrialdeetan.
Ildo berean, gas eta petrolio ustiapenak baliatzea begi onez ikusten du, betiere epe laburrean eta egungo testuinguruari erantzuteko egiten bada.
Lehendabiziko saioan parte hartu duten hizlari guztiak bat etorri dira: krisi energetikoari aurre egiteak kostea izango du eta herrialde inportatzaileek ahalegin berezia egin beharko dute.
Geldialdi ekonomikoaz, inflazioaren gorakadaz eta diru-sarreren beherakadaz ere aritu dira. Covid-19aren pandemiaren ostean, susperraldiaren 2022a susperraldiaren urtea izango zela aurreikusi zuten agintariek, baina Ukrainako gerrak itxaropen guztiak murriztu ditu. Egoerarik baikorrenean, hazkundea moderatua izango dela espero dute.
Elikagaien krisiari dagokionez, arrazoiak askotarikoak dira, baina, nabarmena da Ukrainako gerrak jakien prezioan eragina izan duela.
Halaber, larrialdi klimatikoaren ondorioz, hainbat herrialdetan lehorteak ugaritu egin dira eta horrek denboraldi ezberdinetako laborantzak galtzea ekarri du, milioika pertsona gosete arriskuan utzita.
Davoseko foroan bildutako adituen arabera, elikagaien prezioak gehiago garestituko dira datozen hilabeteetan, premiazko neurriak hartzen ez badira.