Ekonomia -

SIEMENS GAMESA

Siemens Energyren eskaintzaren inguruan "informaziorik ez" dutela salatu dute sindikatuek

Siemens Gamesako arduradunekin lehenbailehen biltzea eskatu dute langileek, erosketaren inguruko xehetasunak ezagutzeko. Lanpostu guztiak mantentzea exijitu dute, eta, dagoeneko, hasi dira protesta-ekintzak pentsatzen.

Siemens Gamesaren Zamudioko egoitza, gaur. Argazkia: EFE
Siemens Gamesaren Zamudioko egoitza, gaur. Argazkia: EFE
Siemens Gamesaren Zamudioko egoitza, gaur. Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatu guztiak bat datoz. Informaziorik ez dute eta gardentasuna falta da. Siemens Gamesa Renewable Energyren akzio guztiak bereganatzeko Siemens Energyk egin duen eskaintza publikoaz inork ez die ofizialki ezer jakinarazi, eta hedabideen bidez ari dira informazioa biltzen. Salatu dutenez, ez Siemens Gamesa, ez eta Siemens Energy ere, ez dira sindikatuekin harremanetan jarri, egoeraren berri emateko. Hori dela eta, finantza-operazio hau kudeatzen ari diren arduradunekin bilera egitea eskatu dute, "ahalik eta azkarren".

"Haserre" mintzatu da Puy Remirez ELA sindikatuko Industria Federazioko ordezkaria. Horren hitzetan, kudeaketa ezin okerragoa ari da izaten, "langileekiko erabateko mespretxuaren adierazle garbia". Aurrez langileei ezer azaldu gabe "halako espekulazioa eragitea" ez dela onargarria esan du.

Siemens Energyko zuzendaritzak gaur eskaini duen agerraldiari buruz, berriz, Remirezek esan du "argibide gutxi" eman dituela, eta orain arte zabaldutako datuen arabera, langileek parez pare duten agertokia ez dela "inondik ere lasai egotekoa".

Erosketaren ondotik etor daitezkeen murrizketen inguruan, ELAko ordezkariak argi esan du eskura dituzten erreminta guztiak aktibatuko dituztela, lanpostu bakar bat arriskuan ikusi orduko.

Ildo beretik mintzatu dira UGT FICA eta CCOO zentralak ere. Informazio eza salatu dute eta enpleguak lehenesteko eskatu diote konpainia alemaniarrari.

Goizean zabaldu duten ohar batean, bi sindikatuok erosketaren albo-ondorio guztiak ondo aztertzeko eskatu diete Gamesako arduradunei. "Antzeko mugimenduak egon izan direnean, enpleguan ondorio kaltegarriak izan dituzte beti", esan dute.

Sortu den egoerak "berebiziko garrantzia" duela azpimarratu dute, beste beste, erosketa honekin Siemens Gamesa burtsatik aterako delako, eta horren atzean, Zamudioko egoitza nagusia "Espainiatik ateratzeko arriskua" ikusten dutelako.

UGT eta CCOO hasi dira, dagoeneko, protesta-ekintza bateratuak aztertzen.

Era berean, LABek "informazio eza" salatu du prozesuan: "multinazionala inolako gardentasunik gabe ari da, eta, gainera, publikoki zabaltzen diren mezuak mehatxuz beterik daude".

Sindikatu abertzaleak ohartarazi duenez, "balizko erasoen" aurrean "langileak antolatuz eta borrokatuz" erantzungo dute. "Euskal Herriko lantokien eta enpleguaren etorkizunaren alde" tresna guztiak martxan jarriko dituela ziurtatu du sindikatuak ohar batean.

LABek "Gamesaren eta, oro har, Siemens Gamesaren inboluzioa" deitoratu du, "Euskal Herriko diru publikoarekin sortutako enpresa delako". Erakundeetako arduradunek praktikatzen duten "industria politika negargarria" kritikatu du sindikatu abertzaleak. Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari lanpostuak eta industria proiektua defendatzea eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Nafarroa ELA LAB Lana Siemens Gamesa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak