Ekonomia -
SIEMENS GAMESA
Gamesa enpresa independente gisa "desagertzeko bidean" ikusten du EH Bilduk
Iker Casanova koalizio abertzaleko legebiltzarkideak esan duenez, "Euskaltelek eta beste enpresa askok" egindako bide bera ari da jarraitzen Gamesa.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Erreakzio-soka luza ekarri du Siemens Gamesa Renewable Energyren akzio guztiak bereganatzeko Siemens Energyk, joan den larunbatean, iragarritako eskaintza publikoak. Langileak izan ziren iritzia ematen aurrenak, eta gaur erakundeak eta alderdi politikoak ere batu dira sokara. Besteak beste, EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak adierazi du enpresa independente gisa "desagertzeko bidean" ikusten duela Gamesa, "Euskaltelek eta beste enpresa askok" egindako urrats berdinak jarraitzen ari dela iritzita.
Twitter sare-sozialean zabaldutako mezu batean Casanovak ziurtatu duenez, ezker abertzaleko koalizioak "urteak daramatza enpresa estrategikoen galera" salatzen, Jaurlaritza beste alde batera begiratzen ari den bitartean: "Ekoizpen-sarea defendatu beharrean, kritikak isilarazten pasatzen dute denbora", esan du.
Bere aldetik, Radio Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak deitoratu du oraindik "informazio zehatza falta" dela Siemens Energyk dituen asmoen inguruan, horrek Siemens Gamesa erosteko eskaintza egin ostean. Hala, uste du "gehiegi aurreratzea" dela balizko kaleratzeei edo egoitza Alemaniara eramateko planei buruz hitz egitea. Nolanahi ere, egoera "konplikatua" eta "ziurgabetasuna" eragiten duela aitortu du.
Iragarri duenez, larunbat gauean bertan jaso zuen enpresaren asmoen berri, eta atzo Siemens Gamesako ordezkariekin hitz egiteko aukera izan zuen. Horren hitzetan, "zer gertatzen ari den jakin behar duten lehenengoak langileak dira". Horren ondotik, erakundeek, "dituzten ahalmen urriekin", lanpostuak "bermatzearen eta EAEko hornitzaileekin lanean jarraitzearen alde" egingo dute.
Akzioen % 32,9 bereganatzea falta zitzaion Siemens Energy konpainia alemaniarrari Gamesaren jabetza osoa izateko — egun, % 67 du jabetzan —; beraz, operazio honekin, osorik berea litzateke. Gaur goizean eman ditu operazioaren xehetasunak Christian Bruch konpainia alemaniarraren kontseilari ordezkariak, telematikoki eskaini duen prentsaurrekoan. Ziurtatu duenez, Siemens Gamesak Euskal Herrian martxan dituen operazio guztiei eustea da euren asmoa, eta Espainiak "Siemens Energyren baitan ezinbesteko eginkizuna" izaten jarraituko duela zehaztu du.
Hala, bat-egiteak alde guztiei egingo diela mesede adierazi du zuzendaritzak: "hornitzaileak, bezeroak, akziodunak, langileak eta gizarte osoa", denak aterako direla irabazten esan du. Erosketa osatzeko epeen berri ere eman du agerraldian, eta 2022 amaierako prozesua amaituta egongo delakoan dago.