Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
Jaurlaritzak eutsi egin die EAEko egungo aurreikuspen ekonomikoei
Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak azpimarratu duenez, "inflazioa jaisten ari da", nahiz eta azpiko inflazioak oraindik gora egiten jarraitu. Kontuak kontu, uztailean aurreikuspenak berriz begiratuko direla azaldu du, eta horren arabera erabakiko dela egokitu edo ez.
ane santesteban | eitb media
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi du oraingoz eutsi egingo zaiela EAEko egungo aurreikuspen ekonomikoei, eta gaineratu du uztailean berriro berrikusiko dituztela kalkuluak, eta horren arabera erabakiko dutela aldatu ala ez.
CEPREDE (Centro de Predicción Económica) elkartea egunotan egiten ari den batzarraren inaugurazioan egin ditu adierazpenok Azpiazuk, eta azpimarratu du "inflazioari eusten" ari zaiola, nahiz eta aitortu duen inflazioaren zati batek, azpiko inflazioak, gora egiten jarraitzen duela.
Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak, baina, esan du gainerakoak pixkanaka aurreko mailetara itzuliko direla. "Ez dakit inflazioa % 2tik beherakoa izango den berehala, baina nik uste dut hein handi batean bideratu egingo dela, eta horrek, ziurrenik, egonkortasun eta lasaitasun handiagoa emango dio ekonomiari", nabarmendu du.
"Gasaren prezioa zehazten denean, elektrizitatean zer-nolako eragina izango duen ikusiko dugu; nik uste horrek ere inflazioak behera egitea eragingo duela", gaineratu du.
Era berean, sailburuak gogorarazi du hiru hilean behin berrikusten direla aurreikuspenak, eta uztailean ikusiko dela egungo aurreikuspen hori aldatu behar ote den ala ez. "Oraingoz ez dugu aurreikuspen horiek aldatzeko arrazoirik. Zentzuzkoak direla uste dugu", adierazi du.
Atzo, hain zuzen ere, Espainiako Bankuak ohartarazi zuen 2022rako aurreikuspena berriro jaitsiko zela ekainean (apirileko aurreikuspena % 4,5eko hazkundea zen), lehen hiruhilekoan BPGaren dezelerazioa espero baino "askoz ere handiagoa" izan delako eta azpiko inflazioak gorantz jarraitzen duelako.
Urteko txostenak nabarmentzen du inflazio ez-energetikoa aurten aurreikusitakoa baino gehiago haziko dela, eta energiaren prezioen igoera apalagoa izango dela, besteak beste, gasaren prezioa mugatzeko eta elektrizitatearena jaisteko mekanismoa abian jartzeagatik.