Ekonomia -
lan gatazka
ELAk eta LABek greba deitu dute Bizkaiko erresidentzietan maiatzaren 30ean
Lan kargen aurrean langile kopurua igotzea eta lan-baldintzak hobetzea dira bi sindikatuek lanuzteetan eskatuko dituzten aldarrikapen nagusiak.
I.G. | EITB MEDIA
ELA eta LAB sindikatuek greba eguna erregistratu dute maiatzaren 30erako Bizkaiko adinekoen egoitzetan.
ELA sindikatuak hedabideei igorritako ohar baten bidez salatu duenez, langileek "515 egun daramatzate hitzarmenik gabe, lan baldintza oso eskasetan: langile ratioak ez dira aski, eta mendekotasun zein lan karga beharrei ezin erantzun dabiltza, muturreko esplotazio egoeran".
Horrela, Euskadin afiliatu gehien duen sindikatuak langile guztiei mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu die, eredua aldatzea eskatu dezaten, "lan baldintzen hobekuntzei erantzuteko, eta behin betiko enpresen onura alde batera utzi eta langileen, senideen eta egoiliarren onura bilatu".
Bestalde, LABek sektore publikoko baldintzekin parekatzea eta langile gehiago eskatzeko deitu du lanuztea.
"Sektorean egindako aurreko hiru greba-egunen ondoren, egoerak ez du hobera egin. LABek Bizkaiko Foru Aldundiari egindako interpelazioek ez dute erantzunik jaso", salatu du sindikatuak.