Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Inposizioa alde batera utzi eta negoziazioari berriro ekiteko deia egin diote sindikatuek Osakidetzari

Deialdia egin duten sei sindikatuek nabarmendu dute jarraipena "zabala" izaten ari dela. Osakidetzak, bien bitartean, esan du lanuzteak % 3,27ko jarraipena izan duela.

Manifestazioa Bilboko kaleetan
Manifestazioa Bilboko kaleetan
Greba egun berria Osakidetzako Ospitaleetan eta Osasun Mentalean

0:38

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek "inmobilismoa eta inposizioaren eta propagandaren bidea alde batera uzteko" eskatu diete Osakidetzari eta Osasun Sailari. Gaineratu dute euskal osasun publikoa indartzeko "konponbide estrukturalak eta sakonak" negoziatze aldera, elkarrizketaren bideari berriro ekiteko.

Lehen Mailako Arreta eta Buru Osasuneko zentroetan greba-eguna dute gaur eta manifestazioak egin dituzte goizean sindikatuek Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Nabarmendu dutenez, jarraipena "zabala" izaten ari da, gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan arren.

Adierazi dutenez, "zerbitzu askotan, gutxieneko zerbitzuekin soilik ari dira lanean", eta Zumarragako edo Mendaroko ospitaleko ebakuntza-gelak, eta San Eloykoak, esaterako, itxita daude grebaren eraginez".

Besteak beste, joan den astean deitutako Mahai Sektorialean gertatutakoan jarri dute azpimarra sindikatuek; izan ere, Osakidetzak "uko egin zion % 58 inguruko behin-behinekotasun tasa amaitzeari, egungo plantillako 24.000 langile baino gehiagori eragiten diena".

Osakidetzaren arabera, baina, % 3,27koa izan da grebaren jarraipena. Osasun Sailak adierazi du geldialdiak Bizkaian izan duela erantzun handiena ( % 3,59). Gipuzkoan langileen % 3,15ak ez du lanik egin eta, Araban, berriz, % 2,6ak.

Lanbideei dagokionez, medikuen % 1,42k eta erizainen % 3,48k erantzun diote sindikatuen deialdiari. Gainerako kategorietan, grebaren jarraipenaren % 4,59ra igo da, Osasun Sailaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak ez du ulertzen "egoera honetan, grebara jotzea"

Eusko Jaurlaritzak ez du ulertzen "egoera honetan, grebara jotzea", eta elkarrizketarako deia egin die sindikatuei, "pixkanaka, dauden arazoak bideratzeko unea delako".

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburua "etengabe ari da ahalegintzen sindikatuak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arteko elkarrizketa-mahaietara deitzeko", eta gainetu du gonbidapena iraunkorra dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Langile Komisioak UGT Lan gatazkak gaur ESK sindikatuaren azken ordukoa