Ekonomia -

SAN ISIDRO EGUNA

Familia-nekazaritza euskal nekazaritza sistemaren oinarria dela defendatu du Tapiak baserritarren egunean

Orexako Oihan Txiki kooperatiba bisitatu du sailburuak eta bertan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euroko ezohiko laguntzak bideratu ditu, Ukrainaren inbasioaren ondorioz lehen sektoreak izan duen ekoizpen-kostuen igoera arintzeko.

Tapia sailburua Oihan Txikin. Foto: Xabier Urteaga | EITB Media
Tapia sailburua Oihan Txikin. Foto: Xabier Urteaga | EITB Media
Tapia sailburua Oihan Txikin. Foto: Xabier Urteaga | EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak familia-nekazaritzan oinarritzen den euskal nekazaritzako eta abeltzaintzako eredua defendatu du gaur Orexan (Gipuzkoa): "Eredu jasangarria da, ingurumena errespetatu, ingurunea zaindu eta hura babesten du; hortaz, ezinbestekoa da lurraldearen kudeaketarako".

"Familia-nekazaritzak tokiko produktuak hornitzen ditu, osasungarriak, kalitatezkoak, eta gure kultura gastronomikoari eusten laguntzen du" adierazi du Tapiak San Isidro eguna dela eta, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearekin batera, Orexako Ohian Txiki ardi-sektoreko kooperatibaren instalazioetara egindako bisitan.

Horregatik, kontsumitzaieei dei egin die "bertakoa baloratu eta bertakoa kontsumitu" dezaten.

Ukrainako gerra eta garraio-sektorean izan diren gatazkak direla eta, erregaien garestitzearen ondorioz sektorea pairatzen ari den zailtasunei dagokionez, Tapiak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euroko ezohiko laguntzak bideratu dituela sektoreko enpresei beren errentagarritasunari eusten laguntzeko. Hain justu horri buruz hitz egin du Orozek ere bisitaren aurretik, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

15.487 usteategi eta ia 5.000 langile

Gaur egun 15.487 ustiategi daude erroldatuta EAEn eta horietako 11.249 abeltzaintzakoak dira. Gainera, ia 5.000 pertsona ari dira nekazaritzan profesionalki lanean (haien errentaren % 25, gutxienez nekazaritza-jardueratik dator).

Baserriko emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko Legea kaleratu zuen duela 7 urte Jaurlaritzak, Espainiako Estatuan aitzindari izanez. Gaur Tapiak iragarri du 60.000 euro bideratuko dituztela ildo horretan sakontzeko.

Oihan Txiki

Ohian Txiki gaztandegia enpresa kooperatibo bat da, eta 30 urte baino gehiago daramatza Idiazabal JD gazta egiten Orexa herrian dituen instalazioetan. Gaur egun, ekoizpena dibertsifikatzen ari da, eta bere eskaintza zabaltzen ari da beste barietate batzuetako gaztekin; besteak beste, Urdiña eta Otzara gaztekin. Kalitate handiko gaztak dira, Eusko Label zigilua duen esneaz egindakoak, "Euskal Gazta" proiektuaren esparruan berreskuratzen ari diren betiko barietateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Abeltzaintza