Ekonomia -
Dirulaguntzak
Bizkaiko Foru Aldundiak AP-68 autobideko ibilbideak diruz lagunduko ditu 2022ko urriaren 1etik aurrera
Erabiltzaileek hilean 34,55 euroko gastu espezifikoaren muga baliatu ahal izango dute AP-68 autobidean, Bizkaian, eta 50,54 eurokoa hilean, Arabako zatia erabiltzen badute.
EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak AP-68 autobideko ibilbideak diruz lagunduko ditu 2022ko urriaren 1etik aurrera, hileko gastu-muga batekin.
Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatuak iragarri duenez, neurri horrek eragin zuzena izango du AP-68 autobidea lanerako, ikasketetarako eta abarretarako erabiltzen duten pertsonen poltsikoetan.
Horrela, alta emanda daudenek eta Interbiaken erregistratuta daudenek hilean 34,55 euroko gastu espezifikoaren muga baliatu ahal izango dute AP-68 autobidean, Bizkaian, eta 50,54 eurokoa, Arabako zatia erabiltzen badute. "Adibidez, Gasteizen lan egin eta Bilbon bizi den norbaitek 253 euro ordaintzen ditu hilean, eta neurri horrekin 85 euro gastatuko ditu. Kasu honetan, 2.000 euro inguru aurreztuko dira urtean", azaldu du.
Gainera, Pradalesek aurreratu duenez, Bizkaian berdintasuna eta lurralde-oreka sustatzen dituen neurria da. Aldundiak egindako kalkuluen arabera, gastu-mugaren araberako dirulaguntzen urteko zenbatekoa bost milioi eurokoa izango da, eta dirulaguntzok Bizkaian bizi diren 18.000 erabiltzailerentzat izan daitezke.
Diputatuaren esanetan, laguntza horren kudeaketa konplexua da enpresa pribatu batek ustiatzen duen azpiegitura delako, eta argitu du Bizkaiko Foru Aldundiak ez dituela AP-68tik datozen bidesariak kobratzen. "Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 2020ko otsailean Batzar Nagusiek onartutako ibilbide-orria bere egiteko konpromisoa hartu zuen", esan du.
Administrazioen arteko funtzionamendu-araubidea arautzeko sortutako batzorde teknikoaren lanak amaitu ondoren ekin ahal izan zaio horri. AVASA enpresa pribatuak 1973tik ustiatzen du AP-68 (Bilbo-Zaragoza) autobidea, errepidea eraiki zenetik, eta 2026ko azarora arte dauka horren emakida.
Diputatuaren arabera, datorren astean hasiko dira AP-68ko ibilbideetara mugatuko den dirulaguntzen dekretua izapidetzen, eta AP-8rako, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbiderako eta Artxandako tuneletarako dagoen gastu-mugatik independentea izango da.
Betekizunak
Betekizunak egungo gastu-mugarako berberak dira: Bizkaian bizi eta pertsona fisikoa izatea, bidesariak ordaintzeko OBE edo VIA-T bat izatea eta matrikula bakar bati lotuta edukitzea. Puntu hori garrantzitsua da; izan ere, ibilgailu baten gastu-mugari etekina ateratzeko bakarrik egon daiteke alta emanda sisteman.
Gainera, joan-etorri mistotzat jotzeko eta Arabako tarteak barne hartzen duen gastu-mugaz baliatzeko, bidaiak Bizkaian izan behar du jatorria edo helmuga, eta sisteman alta eman behar da, bai Interbiaken bulegoetara joanda, bai web-orriaren bidez, bide telematikoz, interbiak.bizkaia.eus helbidean.
Puntu horretan, diputatuak argitu du bere garaian Interbiaken alta eman zuten pertsonak (AP-8, Supersur eta Artxandako Tuneletan gastu-muga baliatu ahal izateko) ez direla berriro erregistratu behar, eta automatikoki alta emango zaiela AP-68rako gastu-muga berrian.