Ekonomia -
iberdrola
Ignacio Sanchez Galanek barkamena eskatu du, eta "errespetu osoa" azaldu die kontsumitzaileei
Iberdrolako presidenteak ostegunean baietsi zuenez, espainiar biztanleriaren % 80 2018an baino gutxiago ordaintzen ari da argindarragatik, zergak jaitsi direlako, eta tarifa arautuarekin jarraitzen dutenek bakarrik ordaintzen dute gehiago. Azken horiek "ergel" gisa izendatu zituen.
agentziak | eitb media
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak barkamena eskatu du argindarraren tarifa arautua daukaten kontsumitzaileei "ergel" deitu izanagatik, konpainiak Twitter bitartez zabaldutako mezu batean, ostiral arratsaldeko azken orduetan.
"Ignacio Galanek, Iberdrolako presidenteak, barkamen zintzoa eskatu nahi du lagunarteko hizkeran adierazitako zenbait esaldik inor mindu badute. Ez zuten inori min emateko asmorik, eta errespetu osoa azaldu nahi die kontsumitzaile guztiei", dio mezuak.
Sanchez Galanek ostegunean baietsi zuenez, espainiar biztanleriaren % 80 2018an baino gutxiago ordaintzen ari da argindarragatik, zergak jaitsi direlako, eta tarifa arautuarekin jarraitzen dutenek bakarrik ordaintzen dute gehiago. Azken horiek "ergel" gisa izendatu zituen.
Tarifa arautua 10 kilovatioraino (kW) kontratatutako potentzietan bakarrik dago erabilgarri, eta ezinbestekoa da bonu sozialari heltzeko. Tarifa mota horri ezin zaio ezelako beherapen zein promoziorik ezarri, prezioa Gobernuak zehazten baitu, eta horrek kanpo uzten ditu bezeroaren eta merkaturatzailearen arteko balizko negoziaketak.
Historikoki, merkeagoa izan da tarifa arautua, gainerako espainiar kontsumitzaileek fakturak ordaintzen dituzten merkatu librea baino, Merkatu eta Lehia Batzorde Nazionalaren arabera. Hala ere, azken hilabeteotan marka hautsi dute prezioek, hein handi batean gasaren garestitzea dela eta.
Merkatu eta Lehia Batzordeak 2020ko bigarren seihilekoan argitaratutako taularen arabera, tarifa arautua duen etxe arrunt baten hilabeteko gastu fakturatua 20 euro merkeagoa izan zen, merkatu libreko batena baino (% 28,2 merkeagoa). 2019tik, aurrezki hori % 15aren gainekoa izan da beti.
Gobernuaren kritikak
Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Laneko eta Gizarte Ekonomiako ministroak bere adierazpenak "berehala" zuzentzeko eskatu dio Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteari ostiral honetan, behartsuenei "iseka" egiteagatik.
Bestalde, Nadia Calviño Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroak ere kritikatu du Sanchez Galanen "enpatia eza": "harrigarriak iruditzen zaizkit familientzako, herritarrentzako eta espainiar ekonomiarentzako hain garrantzitsua den gai bati buruz hitz egiteko darabiltzan enpatia eza, arintasuna eta tonua".