Ekonomia -
Conflicto
Sindikatuek Osakidetzaren "immobilismoa" salatu dute ospitale eta osasun mentalaren sarean
Sindikatuek berretsi dute "negoziatzeko borondatea, baina eskatutako norabidean pausorik ematen ez bada, mobilizazioekin jarraituko dugu eta ez gara Mahai Sektorialera itzuliko".
I.G. | eitb media
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Osakidetzako ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean, Osakidetzaren "inposaketaren eta propagandaren aldeko apustua" salatzeko.
Sindikatuek prentsa ohar bateratu batean adierazi dutenez, "horren adibide garbia da atzo publiko egin zuen estabilizazio tasa. Beste behin ere, komunikabideek gurekin negoziatu gabeko gaien berri dute".
"Gainera, azpimarratu behar dugu iragarritako 2.800 plazak ez direla nahikoak 24.000 aldi baterako langile dauzkan plantilla batentzat (% 58)", salatu dute.
Hala, sindikatuek maiatzaren 16rako ospitaleen eta osasun mentalaren sarean deituta dagoen greba deialdia gogorarazi dute.
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK berretsi dute "negoziatzeko borondatea, baina eskatutako norabidean pausorik ematen ez bada, mobilizazioekin jarraituko dugu eta ez gara Mahai Sektorialera itzuliko".