Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Mendia: "Hartutako politikak modu positiboan ari dira eragiten enpleguan"
Dena dela, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak esan du bizi dugun egoeraren aurrean lanean jarraitzen dutela Lanbiden izena emanda duten 115.000 pertsona horiek lan bat izan dezaten.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, gaur argitara eman diren langabezia datuek adierazten dute hartutako politikak positiboki ari direla eragiten enpleguan.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean nabarmendu du halako datu onik ez dela izan 2009ko apirilaz geroztik.
Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak goizean argitara emandako datuen arabera, EAEn langabeziak % 1,31 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoan. Zehazki, lanik gabeko 115.554 pertsona erregistratu zituen Lanbidek apirilean, hau da, aurreko hilabetean baino 1.531 langabe gutxiago.
Gizarte Segurantzan kotizatzen duten pertsonen kopurua errekor historikoa lortzeko puntuan dagoela esan du, eta hori "Euskadin dugun demografiaren arazoarekin eta jubilazioekin". Mendiaren esanetan, datua ona da, baina Jaurlaritzak Lanbiden izena emanda dauden 115.000 pertsona horiek lan bat izan dezaten "lanean jarraitzen du".
Nahiz eta politikek ongi funtzionatu, testuingurua oso aldakorra da, inflazio oso altu batekin edo ziurgabetasuna sortzen duen gerra batekin… "Horien eragina ere nabarituko dugu", azaldu du.
"Lanean gertatzen diren ezbeharrek beti arduratu gaituzte"
Lan-ezbeharren aurrean beti izan dutela kezka, nabarmendu du Mendiak, baina erantsi du horien ardura osoa enpresena dela, ez Jaurlaritzarena. Gobernuak, sindikatuek... horiek konpontzeko lanean jarraitzen dutela gogoratu du, baina "enpresarien betebeharra da".
Langileen estatutuaren harira, sailburuak argi du: "Lan mundua aldatu egin da, are gehiago pandemiaren ostean". Horregatik, gai honen aurrean legedia aldatzea nahitaezkoa da, "egungo egoerara egokitzen diren legeak erabilita", azaldu du. "Arautu beharreko kontu asko daude", gaineratu du.
Pegasus auzia
Espioitza politikoaz galdetuta, "Espainiako Gobernuaren azalpenak entzun arte" itxaroteko eskatu du bigarren lehendakariordeak. Espioitza kasuak direla eta, bera ere horren beldur den galdetuta, "lasai nago" eta "gobernuek emandako instrukzio guztiak kontuan izaten ditut", erantzun du; izan ere, horren ustetan, egun gobernuak gehien kezkatzen dituen gaietako bat da zibersegurtasuna.
Mendiaren arabera, Euskadiko koalizio-gobernuan batzuetan "desadostasunak" izaten dira, baina "nik ez dut sare sozialetara jotzen horiek aireratzeko". Gaineratu duenez, "egiten dituzun politikak defendatu behar dituzu", "Gobernuan betetzen ari zaren paperari balioa emateko, Gobernuan duzun posizioa ahuldu beharrean".
Kongresuan EAJ izaten ari den jarreraz galdetuta, "gobernu erantzukizuna" duen alderdia dela esan du. "Gobernu baten eskubideak errespetatzeko moduari buruzko zalantzak zabaltzea, azkenean, boomerang bat da, eta edozein gobernuren aurka egiten du, baita Eusko Jaurlaritzaren aurka ere", adierazi du.