Ekonomia -
LAN ISTRIPUA
35 urteko langile bat hil da Ondarroan izandako lan istripu batean
Langilea eraikin bateko leihoa mozten ari zen, eta lepoan egindako zauriaren ondorioz hil da. Osalanek ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako Ondarroan.
EITB MEDIA
35 urteko langile bat hil da Ondarroako etxebizitza eraikin bateko leihoa mozten ari zela, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Atzo eguerdian aurkitu zuten hildako gizonaren gorpua Itxas Aurre kalean zaharberritzen ari diren etxebizitza batean, baina ez dago argi noiz eta nola zendu zen.
Osalanek ikerketa abiatu du istripua noiz eta nola gertatu zen argitzeko. Itxuraz, leiho baten markoa mozten ari zela lepoan ebakia egin eta hil zen.
Lan ezbeharra larunbatean gertatu zela uste du Osalanek, hildakoak asteburuan lanera joango zela esan omen zielako lankideei. Itxuraz, lanean bakarrik ari zela gertatu zitzaion istripua eta atzo bere lankideak itzuli zirenean aurkitu zuten hilotza.
Enkargatu lanetan ari zen igeltseroak bost hilabete zeramatzan Zero Plus Berrikuntzak enpresan lanean.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako 12:00etan, Ondarroako Itsas Aurre plazan, lan-istripua salatzeko.
ELAk salatu duenez, "dagoeneko 23 hildako izan dira lan-istripuan" Hegoaldean, eta ikerketa bat eskatu du, "gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak garbitzeko".
ELAk gogorarazi duenez, eraikuntza "prekarietateak gehien astindutako sektoreetako bat da, eta ondorioz, ezbehar-kopuru handienetako bat du".
Sindikatu abertzaleak ohartarazi duenez, kasu honetan, "langilea makineria arriskutsuarekin ebakitzen ari zen, asteburuan eta bakar-bakarrik; soilik bost hilabete zeramatzan lanean enpresan. Istripuaren unean ez zuen inolako babesik, horregatik hil eta egunetara aurkitu dute".
"Prekarietateak suposatzen duenaren beste adibide deitoragarri bat da", salatu du sindikatuak. "Ezbeharren arrazoiak sobera ezagunak dira, premiazko neurriak beharrezkoak dira", azpimarratu du.
Bestalde, LABek ohartarazi duenez, "aurten eraikuntzako zortzi behargin hil dira". "Langileak aparteko orduak sartu behar dituzte; gainera, larunbatean, eta astean ordu kopuru izugarria egin", erantsi du. "Nekea arrisku faktore bat dela jakinda, nork kontrolatzen du arrisku hori?", galdetu du.
Testuinguru honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria, "patronalaren eskutik helduta, absentismoaren aurka" agertzea kritikatu du LABek. "Laneko hilketen aurka noiz azalduko da?", galdegin dio.