Ekonomia -

Maiatzaren lehena

Soldaten igoera, berdintasun gehiago eta prezioak mugatzea aldarrikatu dute CCOOk eta UGTk

Beste behin, elkarrekin manifestatu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mobilizazioetan, baztertu egin dute aurten hitzartutako igoerei egotzi ahal izatea inflazioaren gorakadaren errua, eta langileek hirugarren krisi bat bere gain hartu behar izatea kritikatu dute.

CCOO eta UGT sindikatuen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE.
CCOO eta UGT sindikatuen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE.
Prezioak mugatu, soldatak igo eta berdintasun handiagoa aldarrikatu dute CCOOk eta UGTk

1:46

Iker Rincon | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko eta Nafarroako CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioa egin dute gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, maiatzaren lehena dela eta. Mobilizaziootan, soldatak igotzea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun gehiago eta prezioen igoerari eusteko neurriak eskatu dizkiete gobernuei eta patronalei. Izan ere, azaldu dutenez, energiaren prezioak markak hautsi dituela, KPIa maximo historikoetara iritsi dela eta soldatek izoztuta urteak daramatzatela egiaztatu ondoren egin dituzte eskaera nagusiak.

"Irtenbidea: soldatak igo, prezioak mugatu eta berdintasun handiagoa" zioen pankarta baten atzean, milaka lagunek zeharkatu dituzte Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko kale nagusiak. Era berean, bi sindikatuek emakumearen eta langileen eskubideen alde egindako apustua islatzen duten beste kartel batzuk ere ikusi ahal izan dira.

Iruñean, Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak elkartasuna adierazi dio Ukrainari, eta gogor kritikatu ditu gerrak sortzen ari dituen zailtasun ekonomikoak. Era berean, berdintasunaren eta lan-arriskuen prebentzioaren alde egin du.

Gogora ekarri ditu, gainera, sindikatuek sinatutako 13 akordioak, hiru milioi lanpostu baino gehiago mantentzea eta pentsioak ziurtatzea ahalbidetu dutenak. Zentzu horretan, orain kaleratzeen kausalitatea ixtea, PPren erreformaren aurreko kalte-ordainera itzultzea eta, negoziazio kolektiboan, langileen erosteko ahalmena ziurtatzea dagokiela adierazi du.

Santosek deitoratu du aurtengo % 2,5eko soldata-igoerak ezin diola aurre egin egungo inflazioari, % 10 ingurukoa baita. Horregatik, soldatak urtez urte berrikustearen aldeko apustua egin du, eta, akordiorik ez badago, gatazkak egongo direla ohartarazi du. Era berean, gogoratu du pentsioen erreformak KPIa eguneratzeko konpromisoa hartzen duela, eta akordioak errespetatu egin behar direla.

Antzeko adierazpenak egin ditu Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak ere. Kohesio sozialaren alde egin du, eta, era berean, pandemian lortutako akordioak balioetsi ditu.  Berdintasuna aldarrikatu du eta energiaren eta oinarrizko kontsumo-produktuen prezioen kontrola eskatu du; izan ere, "gerraren ondorioz ez ezik, espekulaziozko beste alderdi batzuengatik ere gora egiten ari dira".

Era berean, soldaten igoera bat eskatu du, "lana duintzeko eta langileen pobretzera ez eramateko, ez baitute zertan hirugarren krisi bat ordaindu".

Loli García, de CCOO, y Raúl Arza, de UGT, en Bilbao. Foto: EFE

Euren aldetik, EAEko bi sindikatuetako idazkari nagusiek, Loli Garciak (CCOO) eta Raul Arzak (UGT), Bilboko manifestazioan parte hartu dute.

Horretan, Garciak ziurtatu du ez dutela onartuko patronalek prezioak igotzea, soldatak izoztea eta poltsikoak betetzea langileen kontura. Horregatik, soldaten igoerekin "oso zorrotzak" izango direla aurreratu du.

Gogoratu du "ahalegin handia egin ondoren" eskubideak berreskuratu eta beste eskubide batzuk lortu direla pandemiaren bi urteetan; baina oraindik bide luzea egiteke dagoela zehaztu du: "Herrialde hau zorretan dago langileekin, eta neurri argi eta sendoak nahi ditugu prezioak jaisteko, energiaren kostua mugatzeko eta politika sozialak bultzatzeko, inor bide bazterrean gera ez dadin".

Arzak, bestalde, soldaten hobekuntza eta soldatak berrikusteko klausulen eskakizuna azpimarratu du. Horrela, nabarmendu duenez, "prezioak mugatzen ez badira eta soldatak izozten badira, ondorioak larriak izango dira bizitzaren kostuaren neurrigabeko igoeraren aurrean".

Pandemian hildako langileak ere izan dituzte gogoan, eta "sindikalismo konfederalak" lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera lortzeko, lan-erreforma egiteko eta pentsioak KPIren erreferentziarekin berriro handitzeko egindako lana aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Espainian CCOO UGT