Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aranburu gehieneko soldata ezartzearen alde agertu da: "Lotsagarria da enpresaburuek aberastasuna pilatzea"
LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "badago tartea diru-sarrera gehiago lortzeko", besteak beste, gehien dutenei gehiago ordainarazten edo dibidenduak eta etekinak kentzen, baina "borondate falta" dagoela deitoratu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren aburuz, "lotsagarria" da enpresaburuek aberastasuna pilatzea, eta "soldata oso altuez gain etekinak jasotzen dituzten zuzendariak" aipatu ditu adibide gisa. Hala, gehieneko soldata ezartzearen alde azaldu da, eta argitu du gutxieneko soldataren arabera zehatz daitekeela, horren hirukoitza-edo izanda.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "badago tartea diru-sarrera gehiago lortzeko, baina borondate falta dago". Errenta altuenei zerga gehiago ezartzea edota enpresa handietako zuzendariek jasotzen dituzten bonus eta etekinak kentzea aipatu ditu proposamen gisa. "Gobernuak ez du etekin lotsagarri horiei eskua sartzeko borondaterik", deitoratu du.
Ildo beretik, azpimarratu du LAB sindikatuak ez duela "langileen erosahalmena txikituko duen errenta akordio batean parte hartuko. Lotsagarria da guri ahaleginak eskatzea soldaten kontura, eta bitartean Ibex35eko enpresetako zuzendariek euren soldatak igotzen eta dibidenduak banatzen jarraitzea".
Beharginen soldatak igotzeko erabili beharreko irizpideaz galdetuta, esan du KPIa izango litzatekeela erreferentea. Horren ildotik, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazitakoa (soldatak KPIaren arabera igotzeak inflazioa igoaraziko zuela esan zuen) kritikatu du: "Patronala bera baino harago joan da".
Bestalde, Osalanek laneko heriotzak hizpide Aranburuk salatutakoaren arabera, "gertatzen ari dena minimizatzeko eta datuak ezkutatzeko saiakera dago" (Osalanen arabera, 6 hil dira; sindikatuen ustez, berriz, 20). Hala, zehaztu duenez, lanera bidean edo etxera bueltan gertatzen diren ezbehar asko ez dira lan istripu moduan ikertzen, ezta istripu ez-traumatikoak ere. "Berdina pasatzen da laneko gaixotasunekin. Osalanek onartu du lanak eragindako minbiziak % 5 direla, baina ez dago hori ikertzeko edo datuak erregistratzeko borondaterik", erantsi du.
Azkenik, hezkuntza erreformaren ituna gehiago "zehaztu" behar dela azpimarratu du, eta hala ez bada, mobilizazioak deituko dituztela ohartarazi. Osakidetzan ere, sindikatuen proposamenak negoziazio mahaira batzeko ahalegina egin ezean, grebekin jarraituko dutela nabarmendu du.