Ekonomia -

Lan-istripuak

Sei lan-heriotza eta 61 lan-istripu larri erregistratu ditu aurten Osalanek

Guztira, 9.569 istripu zenbatu ditu EAEko estatistika ofizialak 2022ko lehen hiruhilekoan. Eusko Jaurlaritzak "gehien-gehienak saihestu zitezkeela" nabarmendu du, eta sentsibilizazio-kanpaina berria abiatu du.

Lourdes Iscar eta Elena Perez, Osalanen kanpaina berriaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Lourdes Iscar eta Elena Perez, Osalanen kanpaina berriaren aurkezpenean.
Lourdes Iscar eta Elena Perez, Osalanen kanpaina berriaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei pertsona hil dira lan-istripuan Euskal Autonomia Erkidegoan aurtengo lehen hiruhilekoan, estatistika ofizialak jaso duenez. Guztira, Osalanek 9.569 lan-istripu erregistratu ditu; horietako 61, larriak.

Eusko Jaurlaritzak lan-arriskuen prebentzioari buruzko sentsibilizazio-kanpaina berriaren aurkezpenean esan duenez, "inplikatutako alderdi bakoitzak ahalegin guztiak egin dituen arren" gertatu dira, baina, aldi berean, "gehien-gehienak saihestu zitezkeen prebentzio-neurri egokiak behar bezala aplikatu izan balira".

Datuen arabera, altueratik erorita, makinek harrapatuta, ibilgailuek harrapatuta, kamioien kabinatik erorita, iraulita eta ebakiak eginda izan dira istripu gehienak. Zentzu horretan, "lan-prozesuen eboluzioak" sortzen dituen "erronka berriak" ikertzen eta prebenitzen saiatzen da Osalan, baina, azken finean, istripu horiek "betikoak" dira.

Istripu gehiago eraikuntzan

Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariaren arabera, eraikuntzaren sektorean istripuak areagotu egin dira, eta Elena Perez sailburuordeak esan duenez, sektore horretan altueratik erortzea da ohikoena eta ondorio larrienak dituena. Kasu bakoitzean arrazoi desberdin bat dago istripuaren atzean, baina edozein kasutan, prebentzio neurriek huts egin dutelako gertatzen dira.

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak Osalanen beharra zein den zehaztu du: ez da erakunde estatistikoa, ezta zigortzailea ere, teknikoa baizik. Estatuko laneko segurtasun eta osasun instituturik "garrantzitsuena" da, errekurtsoen eta langile kopuruaren aldetik, horren hitzetan. Batetik, enpresei laguntzen die neurri eraginkorrak hartzen, eta, bestetik, lan-istripuak aztertzen ditu, prebentzio neurri berriak proposatzeko.

Sailburuordeak "irmo" ukatu du ikuskariek enpresa bat ikuskatu aurretik horren berri ematen diela enpresen arduradunei. "Kasu gehienetan inspektorea salaketa bat egon delako bertaratzen da, baina ez da inoiz abisua ematen aurretik, inondik inora", esan du. "Enpresa da lantokian gertatzen den guztiaren erantzulea", esan du Iscarrek.

Kanpaina berria

"Guztiaren gainetik", lana "segurua" izan behar dela azpimarratu dute prentsaurrekoan, eta horretarako "lan-kateko maila guztiak" ohartarazi nahi izan dituzte, "bakoitzak bere arduratik, egoera horiei behar bezalako arreta eman diezaien, eragin ditzakeen lesioak saihesteko".

"Lana, eremu seguruan. Horrela bai" izango da apirilaren 28an Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Eguna dela eta egingo duten kanpainaren leloa. "Baldintza seguruetan baino ez da lan egin behar", azpimarratu du Osalanek, eta mezu hau erantsi dio lelo nagusiari: "Laneko segurtasuna eta osasuna, zure enpresaren oinarri".

Osalaneko zuzendariak azaldu duenez, Osalan herritarrei zuzentzen zaie, "lan-baldintza duinak eska ditzaten"; enpresei eta prebentzio zerbitzuei, "kalitatea" eskain dezaten; eta horretarako erreminta egokiak ematen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresak