Ekonomia -

kontsumoa

Euskal kontsumitzaileen herenak pandemia aurretik baino arreta handiagoa eskaintzen die prezioei orain

Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren azterlan baten arabera, euskal gizarteak erosketa ohiturak aldatu ditu. Hala, % 58ak hurbiltasuna du lehentasun erosketetan, eta % 70 kalitatezko produktuengatik gehiago ordaintzearen alde agertu da.

Eroskiko supermerkatu bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eroskiko supermerkatu bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eroskiko supermerkatu bat. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren azterlanaren arabera, euskal kontsumitzaileen % 35,2k neurri handiagoan hartzen dute kontuan prezioa, eta erosteko ohiturak aldatu dituzte covid-19ak eragindako pandemiaren aurreko jokabidearekin alderatuta.

Argitaratutako azterlanaren ondorioek barne hartzen dituzte azken hilabeteetan energiak eta lehengaiek izan dituzten igoerek, inflazioak izan duen gorakadak eta, orain, Ukrainako inbasioaren ondorio ekonomikoek erosteko ohituretan izan duten eragina.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado sailburuaren ustez, analisi horren helburua da "jakitea pandemiaren ondoren eta egungo testuinguruan erosteko erabakiei lotutako alderdiak kontsumitzailearen gogoan berrantolatu diren eta dagoeneko prezioak kontsumo-erabakietan zeregin garrantzitsua betetzen duen".

Azterlanari erantzun dioten euskal herritarrek, oro har, zentzuzko kontsumitzailetzat jotzen dute beren burua, baina prezioa kontuan hartzen badute ere, ez dute arazorik gehixeago ordaintzeko produktuak kalitate handiagoa eskaintzen badu. Euskal kontsumitzaileak "praktikoa, zorrotza eta informatua" dela dio.

Ildo horretan, azterlanak azpimarratzen duenez, gizarteak, gizarte-estratua edozein izanik ere, erosketa dibertsifikatua egiten du prezioari dagokionez, produktuari ematen dion balioaren arabera. Kontsumitzaileak erosketaren egokitasuna baloratzeko gehieneko eta gutxienekoen muga subjektibo bati jarraitzen diola dirudi, eta hiru kontsumitzailetik batek preziorik onena lortzeak sari psikologiko atsegingarriak aktibatzen dituela dio.

Ohitura aldaketa

Azpimarratu beharra dago pandemiaren ondoren kontsumo-ohitura jakin batzuk txertatu direla gizartean, hala nola marka zuriko produktuak erostea edo fidelizazio-txartelak erabiltzea. Erosteko ohiturak gehien aldatu dituzten kontsumitzaileak 49 urtetik beherakoak dira. Halaber, emakumeek neurri handiagoan hauteman dute kontsumo-ohituren aldaketa.

Ohiko kontsumo-ondasunei (elikagaiak, garbiketa-produktuak eta drogeria-produktuak) dagokienez, euskal kontsumitzaileak balio handiagoa ematen die saltokiaren hurbiltasunari eta kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioari. Erosteko erabakian eragina duten elementu nagusien artean, produktuen kalitatea azpimarratu beharra dago lehenik eta behin, hau da, espero den kalitatea. Inkesta egin duten pertsonen % 67,6k hori kontuan hartzen dutela adierazi dute.

Bestalde, honako hauek bilatzen dira: hurbiltasuna (% 58,0), prezioa (% 57,5), erosteko erosotasuna (% 21,1) eta arreta pertsonala (% 17,9).

Jasangarritasun-irizpideei dagokienez, kontsumitzaileen % 17,9k karbono-aztarnan inpaktu txikia eragingo duten erosketa jasangarriak egin nahi izaten dituzte.

Azterlanak, azken batean, euskal kontsumitzaileak elikagaiaren kalitateari prezioari baino lehentasun handiagoa ematen diola uzten du agerian. Hala ere, pertsona gehienek adierazi dute zentzuzko erosketaren irizpideari jarraitzen diotela, batez ere hautemandako prezioen igoeraren ondorioz, eta ez diotela begirik kentzen amaierako tiketari.

Azterlanaren azken ondorioak ezartzen duenez, etorkizunean euskal kontsumitzaileek, erosteko erabakia hartzeko garaian, neurri handiagoan hartuko dituzte kontuan prezioak, sustapenak eta eskaintzak, eta balio erantsi txikiagoko produktuetan gastuak murrizteko joera bat egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Kontsumoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur