Ekonomia -
kontsumoa
Kontsumobidek gogorarazi du gasaren faktura ez dela zertan 6 hilabetetik gorako atzerapenarekin ordaindu
Kontsumoko Euskal Institutuak adierazi duenez, gasaren prezioen krisiaren aurrean, prebentzioa da aukerarik onena. Hori dela eta, "fakturak arretaz aztertzea" gomendatu du.
agentziak | eitb media
Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak gomendatu du arreta berezia eskaintzea gasaren fakturei. Era berean, gogora ekarri du kontsumitzaileek ez dutela zertan sei hilabetetik gorako atzerapenarekin ordaindu.
Kontsumoko Euskal Institutuak ohar batean adierazi duenez, egungo krisi-egoerak eta gasaren prezioen aldakortasunak "ezustekoak ekar ditzakete, eta horiei aurre egiteko modurik onena prebentzioa da. Hala, komeni da fakturak arretaz aztertzea, fakturazio aldiak eta datuak zuzenak direla ziurtatzea eta fakturak jasotzeko maiztasuna ez dela aldatu egiaztatzea".
Kontsumobidek hauteman du gora egin dutela gas-faktura "izugarriek" eragindako kexek eta kontsultek. Kontsumitzaileek salatzen dute aldi batean ez dietela irakurketa errealik egin, edo kasu batzuetan ez dietela faktura bakar bat ere bidali, eta gero metatutako kontsumo guztiak fakturatzen dizkiela enpresa merkaturatzaileak. Halako kasuetan, fakturak 1.000 eurotik gorakoak izaten dira.
Horren aurrean, Kontsumobidek gogorarazi du gas-kontsumoaren irakurketa bi hilabetez behin edo hilean behin egin behar dela. Gasaren enpresa merkaturatzaileek ezin dituzte fakturatu 6 hilabetetik gorako atzerapena duten kontsumoak, eta ezin dituzte kontsumo horiek erreklamatu.
Bestalde, fakturetako egokitzapenak edo atzerapenak ordaindu behar dituzten kontsumitzaileek ordainketa 6 hilabetean ere zatitu dezakete.
Kontsumitzaileak kontsumoaren irakurketa okerrak hautematekotan edo irakurketarik egin ez dela nabaritzekotan, enpresa merkaturatzaileari kontsumoaren irakurketa ematea komeni da. Horretarako, gas-fakturan horretarako agertuko den telefonoa erabiliko da.
Kontsumitzaileak uste badu bere enpresa merkaturatzaileak ez dituela bere eskubideak betetzen, edo zalantzarik badu, Kontsumobidek gomendatu du lehenengo enpresa merkaturatzaileari galdetzea, eta, beharrezko izanez gero, ondoren Kontsumobiden edo KIUBetan erreklamazioa jartzea.
Bestalde, komeni da gogoan izatea urtean 50.000 KWh-tik beherako gas-kontsumoa duten kontsumitzaileak merkatu arautuko Azken Baliabideko Tarifan sar daitezkeela.