Ekonomia -
Garraiolariak
Ibilgailu astunek errepideak erabiltzeagatik ordaintzeko aurreproiektua onetsi du Bizkaiko Aldundiak
"Free flow" arkuak jarriko dituzte 3,5 tona baino gehiago pisatzen duten kamioientzat N-240, BI-625, N-636, A-8 eta Txorierriko errepideetan.
agentziak | eitb media
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Bizkaiko errepide batzuk erabiltzeagatik merkantzien garraioko ibilgailu astunek ordaintzeko foru arauaren aurreproiektua onetsi du. Foru arau horren ekimena iazko ekainean abiarazi zen Batzar Nagusietan. Aldundiaren asmoa da "free flow" izeneko arkuak ipintzea 3,5 tonatik gorako kamioientzakoN-240, BI-625, N-636, A-8 eta Txorierriko errepideetan.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, Europako Batzordeak aurreproiektuari oniritzia eman ondoren onartu dute.
Ekimenaren aurkezpenean, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazi zuen foru arauak aurrera egiteko ezinbestekoa zela "berme guztiak aplikatzea eta segurtasun juridikoa erabatekoa izatea, inolako diskriminaziorik ez sortzeko, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik, tarteak identifikatzerakoan, kontrol-arkuak jartzerakoan eta kanonaren zenbatekoak ezartzerakoan". Europarem argi verdea jasota, aurreproiektuaren tramitazioak aurrera egingo du Batzar Nagusietan.
Bizkaiko errepide batzuk erabiltzeagatik ordaintzeko sistema berriaren helburuak honako hauek dira, Alundiaren esanetan: "Aplikatuko den errepide sarea ahalik ondoen egotea, kudeaketa eraginkorragoa eta orekatuagoa aplikatuz, sarea artatzeko, mantentzeko eta ustiatzeko behar diren inbertsio guztiak bermatzeko; Europar Batasunak deskarbonizazioaz ezarritako gidalerro eta helburuetara hurbiltzea, 3,5 tonatik gorako kamioi handiei CO2 emisioak murrizteko pizgarriak emanez; errepide-sareko segurtasuna hobetzea".