Ekonomia -

Lan-istripua

52 urteko behargin bat hil da Iruñeko Arrosadia auzoan

Ezbeharra 15:00etan gertatu da Urrobi Errekaren kalean. Aurten dagoeneko 18 behargin hil dira Euskal Herrian lan-istripuz, horietako hiru Nafarroan.

Lan-istripu larria Iruñeko Arrosadia auzoan. Irudia: EiTB Media
Lan-istripu larria Iruñeko Arrosadia auzoan. Irudia: EiTB Media
Lan-istripu larria Iruñeko Arrosadia auzoan. Irudia: EiTB Media

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

52 urteko langile bat hil da lan-istripuan arratsaldean, Iruñeko Urrobi Errekaren kalean, Arrosadia auzoan. Hildako behargina eraberritze lanetan ari zen.

Ezbeharra 15:00etan gertatu da, Iruñeko Udaltzaingoak jakitera eman duenez. Ikerketa bere gain hartu du Udaltzaingoak.

Poliziak eta osasun zerbitzuak bertaratu dira. Hala ere, langile portugaldarra berehala hil da. Antza denez, makina baten palak zanpatuta hil da.

Aurten dagoeneko 18 behargin hil dira Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz, horietako hiru Nafarroan, Euskadi Irratiak zehaztu duenez.

Irudia: EiTB Media

Alfredo Sanz Nafarroako CCOOko Osasun idazkariaren hitzetan, "enpresek lan-arriskuak prebenitzeko araudia zorrotz bete behar dute. Beharginek lanpostu seguru eta osasuntsu baterako eskubidea dute, eta istripu kopuru dramatiko hau ezin dugu onartu. Nafarroan, urtez urte, ezbeharren kopurua gora egiten ari da, eta eraikuntza sektoreak du kopuru handiena".

"Odolusteak ez du etenik… Lan-osasunari buruzko 2021eko txostena aurkeztu eta ordu gutxira, eraikuntzako beste langile bat hil da. Non daude erakundeak? Non dago prebentzioa? Aski da!", salatu du LAB sindikatuak Twitter sare sozialean.

"Nafarroan hilero pertsona bat hiltzen da lanaren ondorioz, eta egunero 30 pertsonak lan istripua izaten dute", deitoratu du ELA sindikatuak ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak