Ekonomia -
Maiatzaren Lehena
Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzea aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean
Krisi ekonomikoari aurre egiteko "egiturazko neurriak" hartzea ezinbestekotzat jotzen du eta soldatak KPIren arabera igotzea eskatuko du, "langileen pobretzea ekiditeko".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
LAB sindikatuak zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzea aldarrikatuko du datorren Maiatzaren Lehenean.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Maider Jauregi Komunikazio idazkariak agerraldia egin dute Bilbon, Maiatzaren Lehenerako antolatu dituzten mobilizazioen berri emateko.
'Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde' lelopean, manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan. Mobilizazioak goizean izango dira.
"Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen", ohartarazi du Aranburuk.
Ildo horretan, azpimarratu du egungo krisia "kapitalismoak" eta "azken hamarkadetan ezarritako politika neoliberalek" eragin dutela, eta, beraz, ez dela "pandemiaren edo Ukrainako gerra ondorioa".
"Aspaldidanik ari gara esaten: egoera jasanezina bihurtzen ari da ikuspegi sozialetik zein ekologikotik. Planetak baliabide mugatuak ditu eta testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean. Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen", azaldu du.
Gauzak horrela, trantsizio ekologikoari eta feministari heltzeko deia egin du, "pertsonak, langileak eta herri-sektoreak babesteko".
"Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Batzuek zein besteek aurkeztutako neurriak guztiz eznahikoak dira", kritikatu du.
Gainera, "laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere", nabarmendu du.
KPIren araberako soldatak
Bestalde, energia konpainien jokabidea gogor kritikatu du, besteak beste, Iberdrolarena eta Petronorrena. "Herritarren kontura" aberasten ari direla salatu du. "Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen dugu, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa, adierazi du.
Horrez gain, lan guztiak aitortzea, banatzea eta duintzea ezinbestekotzat jo du eta, ildo berean, soldata-igoerak KPIren araberakoak izan behar direla aldarrikatu du, "langileek eros-ahalmena galtzea ekiditeko".
Halaber, gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan behar dela zehaztu du eta berretsi du sindikatuak ez duela KPIren araberakoa ez den itunik onartuko.
Azkenik, enpresen etekinen gaineko zergak igotzea proposatu du.