Ekonomia -
MARTXOKO DATUAK
EAEn eta Nafarroan martxoan sinatutako kontratuen % 21,49 eta % 17,11 mugagabeak izan ziren
Langabeziari dagokionez, 1.270 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 705 gehiago Nafarroan, martxoan. Orotara, 117.085 pertsona daude lanik gabe EAEn eta 34.398, Nafarroan.
EITB MEDIA
Kontratazioari dagokionez, martxoan kontratazio mugagabea maximo historikoetara iritsi da. Egindako 71.669 kontratuetatik 15.401 (% 21,49) mota horretakoak izan ziren. 2021. urtearen amaieran % 9,3 izan ziren, lan erreforma onartu gabe zegoenean.
Otsailean baino 1.270 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoan, Espainiako Lan eta Ekonomia Ministerioak astelehen honetan jakitera eman dituen datuen arabera. Guztira, 117.085 pertsona zeuden lanik gabe martxoan, pandemia baino lehen zeudenak baino gutxiago, Lanbideren arabera.
Hala, 2021eko martxoko datuekin alderatuta, EAEn 12.936 langabe gutxiago zeuden, hau da, % 9,95 gutxiago, Espainiako Lan eta Ekonomia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Gipuzkoan igo da gehien langabezia. Hain zuzen ere, Gipuzkoan 547 pertsona gehiago daude lanik gabe (% 1,79); Araban 171 langabe gehiago erregistratu dituzte (% 0,87 gehiago), eta Bizkaian, 552 gehiago (% 0,84).
Kontratazio mugagabean lorturiko "maximo historikoa" nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak
Kontratazio mugagabearen inguruko erregistroak daudenetik inoizko datu onena dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak adierazi duenez, "lan-erreforma izan da inflexio puntua, zalantzarik gabe. Iragan ostegunean amaitu da aldi iragankorra". Horrek esan nahi du enpresek "ez dutela azkenera arte itxaron, eta azken hiruhilekoan pixkanaka egokitzen joan direla".
Gurpeguik honela laburbildu du martxoa: "Langabezia gehiago, maximo historikoak kontratazio mugagabean eta diru-sarrerak bermatzeko errenta gutxiago".
Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak eta Elena Perez Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak agerraldia egin dute gaur goizean Bilbon, martxoko langabezia datuen balorazioa egiteko.
Langabeziari lotuta, Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez martxoa hilabete "bereziki zaila" izan da eta langabezia handiagoa izan da industriaren sektorean, gizonen artean, gazteen artean eta Gipuzkoan, "zehazki, orain arte susperraldi sendoena izan duten eremu eta sektoreetan". Dena dela, adierazi du lan bila ari diren eta aurkitzen ez duten pertsonen kopurua "2020ko otsailean zeudenen azpitik" dagoela.
Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak lan erreformaren eragina nabarmendu du. Dena dela, oraingoz, enpleguari eusteko enpresen baliabideak giltzarri izan direla adierazi du: "Enpresek baliabide propioekin erreakzionatu dute, batez ere, orain arte enplegua ez suntsitzeko".
Nafarroan 29.175 kontratu berri sinatu zituzten martxoan
Kontratazioak aintzat hartuta, berriz, Nafarroan 29.175 kontratu berri sinatu ziren martxoan, aurreko hilean baino 4.851 gehiago (% 19,94) eta duela urtebete baino 3.087 gehiago (% 11,83). Zenbateko horretatik 24.183 aldi baterakoak izan dira, % 82,88, eta 4.992, ostera, mugagabeak (% 17,11). Gainera, kontratazio mugagabeak % 155 egin du gora 30 urtez azpiko Nafarroako gazteen artean.
Langabeziari erreparatuta, berriz, otsailean baino 705 langabe gehiago zenbatu dituzte martxoan, hau da, % 2,09 gehiago. Guztira, 34.398 langabe daude Foru Erkidegoan.
Aurreko urteko martxoko datuekin alderatuta, langabeziak % 19,04 egin du behera (8.089 pertsona gutxiago).
Nafarroako Gobernuak balorazio gazi-gozoa egin du, langabeziak gora egin badu ere, enplegu sorrera indartu eta kontratazio mugagabea kopuru historikoetara iritsi da. Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak astelehen honetan azaldu duenez, ziurgabetasun eta ezegonkortasun garai honek enpleguaren bilakaera baldintzatzen jarrai dezake datozen hilabeteetan ere.
Espainiako Estatuan, guztira, 2.921 langabe gutxiago zenbatu dituzte martxoan. Guztira, 3.108.763 pertsona zeuden lanik gabe, 2008ko martxotik izandako zifrarik txikiena.