Ekonomia -
Garraiolarien greba
Bilboko Portuko kamioilari autonomoek eta enpresek ez dute oraingoz akordiorik lortu
700 bat garraiolarik greban jarraitzen dute. Langileen ordezkariak Santurtziko portuan aritzen diren enpresa guztiekin bildu dira ostegun honetan, baina oraingoz ez dute tarifak eguneratzeko adostasunik lortu.
EITB MEDIA
Hiruk eta Tradisnak greba utzi ondotik, Bilboko Portuko garraiolari autonomoak dira gurean lanuzteekin jarraitzen duten bakarrak. 700 bat dira eta Santurtziko (Bizkaia) portuan edukiontziak garraiatzen jarduten dute. Garraio sektorearen barruan, Bizkaiko portuko garraiolariek berezitasuna dute, han bakarrik aritzen direlako.
Goizean bilera eta negoziazio andana egon dira. Greban diren langileen ordezkariak portuan aritzen diren enpresekin bildu dira, baina oraingoz ez dute adostasunik lortu, Tranport Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteko iturrien jakinarazi dutenez.
Transport elkartearen arabera, enpresek "badakite ez dugula kostuak ordaintzeko lain jasotzen, eta tarifak eguneratu behar dituztela; urte asko dira igoerarik izan gabe. Gasolioaren igoerak grebara eraman gaitu".
Kamioilariek ez zuten onartu astelehenean garraio enpresek egindako eskaintza. KPIaren igoeraz gain, tarifak % 28 igotzea eskatu diete garraiolariek portuko enpresei. Konpainiek, aldiz, % 12ko igoera eskaini diete gasolioaren igoera orekatzeko, EITB Mediak jakin duenez.
Hala, merkantzia ugarik mugitu ezinda jarraitzen dute Bilboko Portuan. Gaur ez da piketerik izan, baina kamioi batzuk Ertzaintzaren babespean atera dira.