Ekonomia -
Garraiolarien greba
Bilboko Portuko garraio enpresek euren gain hartuko dute erregaien garestitzearen kostua
Kamioilari autonomoen aldarrikapen nagusia dela argudiatuta, "greban jarraitzeko arrazoirik ez" dagoela nabarmendu dute enpresok.
Agentziak | EITB MEDIA
Bilboko Portuan edukiontziak garraiatzen aritzen diren enpresek euren gain hartuko dute erregaien garestitzearen kostua, eta hilero eguneratuko dutela hitzeman.
Enpresok ohar batean adierazi dutenez, greban diren garraiolarien aldarrikapen nagusia da hori, eta, horrenbestez, "ez dago greban jarraitzeko arrazoirik".
Diotenez, gasolioaren prezioaren % 12ko gorakada jaso dute, eta "hilero eguneratuko dute erregai horren prezioaren arabera". Halaber, eskatutako zerbitzuetan "KPIaren araberako igoera" aplikatuko diete.
Gogorarazi dutenez, lantegietan ez bezala, autonomoek "ez dute inoiz merkantziarik kargatzen eta deskargatzen" (hori zen greba deitu duen plataformaren eta Hiru sindikatuaren beste aldarrikapen bat). "Gainera, euren eguneko bidaietan ez dute 250 kilometro baino gehiago egiten, eta horri esker, ia egunero egiten dute lo etxean", erantsi dute
Enpresok azpikontratatuta lan egiten duten 700 kamioilari autonomo greban daude duela bi aste. Espainiako Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak deitu zuen lanuztea, eta Hiru sindikatuak eta Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak (450 bat kide ditu) babestu dute.
Siderurgia produktuak garraiatzen dituzten 200 kamioilariak ostiralean itzuli ziren lanera, Espainiako Gobernuak eta garraiolariek lortutako akordioaren ostean.