Ekonomia -

GARRAIOLARIEN GREBA

Datozen egunetan Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru aldundiekin biltzea espero du Hiruk

Espainiako Gobernuaren eta garraio enpresa nagusien arteko akordioa ez da nahikoa Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuaren (Hiru) eta Nafarroako Garraiolarien Elkartearen (Tradisna) arabera. Besteak beste, kostuen azpitik lan egitea debekatzeko eskatzen dute.

Hiruko eta Tradisnako garraiolariek grebaren hirugarren asteari ekin diote. Argazkia: EFE.
Kamioilarien sarrera Bilboko Portuan
Hiruko eta Tradisnako garraiolariek grebaren hirugarren asteari ekin diote. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan ostiralean Espainiako Gobernua eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionala ados jarri baziren ere, garraiolariak greba egitera deitu zituen Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak eutsi egiten dio lanuzteari, baita Hiru Euskal Herriko garraiolarien sindikatuak eta Nafarroako Garraiolarien Elkarteak (Tradisna) ere.

Lorturiko akordioa ez dela nahikoa uste dute Hiruk eta Tradisnak, eta, besteak beste, kostuen azpitik lan egitea debekatzeko eskaten dute. Datozen egunetan Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru aldundiekin negoziazio mahai baten inguruan biltzea espero du Hiruk. Aurretik, mobilizazioa iragarri dute arratsalderako.

Astelehen honetan, Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionaleko pikete informatiboek errieta egin diete Bilboko Portura lanera joan diren kamioilariei. "Guztion alde ari gara borrokan, baita zure alde ere", oihukatu diete, lanuztearekin bat egin dezaten garraiolarientzat "baldintza duinak" lortzeko.

Bilboko Portutik azken helmugara edukiontziak garraiatzen dituzten enpresek onartu dute gasolioaren kostuaren igoera beren gain hartzea eta zenbateko hori hilero eguneratzea.

Industriak bere jarduera garatzeko arazoak izaten jarraitzen du. Arcelorrek Etxebarrin eta Olaberrian dituen lantegiak bizpahiru egunetan geldituko dira. Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak "erantzukizunez eta zuhurtziaz" jokatzeko deia egin dio greban dauden garraio-sektoreko garriolariei, "egoera konplexu honi ez diezaioten oraindik arazo gehigarririk gehitu, egoera atzeraezinak sor baititzakete".

Espainiako Gobernuak astelehen honetan iragarritako neurrien inguruan, besteak beste, gidari guztientzat litroko 20 zentimoko zuzeneko deskontuarena, "beharrezkoak" direla esan du Aldundiak "garraioaren sektoreak bizi duen egoera zail hau apur bat arintzeko".

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak "erantzukizunez jokatzeko deia" egin du, berriro lan egiteko unea dela uste baitu, "eskaerak bete direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Sindikatuen albistea Lan gatazkak gaur Merkantzia-garraioa