Ekonomia -
Krisi energetikoa
Europar Batasunak onartutako gasaren merkatzea hilabete barru sartuko da indarrean
Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak adierazi duenez, "hiruzpalau astetan" sartuko litzateke indarrean europar buruzagiek Espainia eta Portugalentzako adostutako salbuespena.
Agentziak | Eitb Media
Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak adierazi duenez, "hiruzpalau astetan" sartuko litzateke indarrean ostiral honetan europako buruzagiek adostutako "salbuespen iberikoa", Espainiari eta Portugali energiaren prezioak merkatzeko neurriak hartzea baimenduko diena.
Zentzu horretan, Riberak azaldu du ostiral honetan Europar Batzordean adostutakoa "orientazio politikoa" dela, eta "gaikuntza" sartu zutela, "Batzordeak ezagutu eta zilegitu dezan Espainiak eta Portugalek aste honetan igorri behar duten mekanismoa".
"Batzordeak zenbait egun eta zenbait aste beharko ditu, guztia ondo dagoela frogatzeko edo hobekuntzak gomendatzeko, eta kalkulatu dugu hiru edo lau astetan esku artean izango dugula proposatu dugunaren inguruan Batzordeak hartuko duen erabakia, eta berehala indarrean sartu", adierazi du hirugarren presidenteordeak RTVEko 24 orduko katean eskainitako elkarrizketa batean.
Espainiar ministroak nabarmendu duenez, "behar bezalako" ordainketa sistema ezarriko diote gasari: "Gasa ordaindu beharko dugu nolanahi ere, baina ez dugu nahi gasaren prezioak ekoizten den gainerako elektrizitatearen prezioa izaterik, eletrizitatea merkeagoa baita. Gasa prezioaren eraketa sistematik bereiziko dugu".
Haren hitzetan, Espainiako energiaren prezioak merkatzeko neurriak hartzeko Bruselan ostiral honetan lortutako akordioa "ezinbestekoa" zen; bestela, europar arauak "hautsiko" lirateke.